argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldeko GKEak ahaztu duen emakume afganiarraren kontakizuna
  • Bi urtez egin du lan bere burua identifikatu ez duen emakume afganiarrak Mendebaldeko Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat. Talibanak zetozela-eta, Mendebaldeko nagusiari laguntza eskatutakoan gomendatu zion bisa ez eskatzea. Orain etxean dago, leihora gerturatzeko beldurrez. Ez daki Afganistanetik aterako duten. Mendebaldeko gobernuek nor salbatu eta nor atzean utzi erabakiko dutela dio.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 23a
Afganistango emakumeak 2009an burka jantzita. Argazkia: Amesen.

20 eta 30 urte bitartean dituen emakume honen testigantza The Guardian eta El diario.es hedabideek jaso dute. Mendebaldeko GKEa kritikatu du, beraz eta berarekin batera erakundearentzat lanean aritu direnez ahaztu delako. Batez ere emakumeen eta gazteen etorkizunak kezkatzen du. Gizon afganiarren aurka hitz egin du, hainbat gertaeren bidez konturatu baita gizonak jabetzen direla bizitza batik bat emakumeei aldatuko zaiela, baina ez gizonei. Talibanen itzulera emakumeen errua dela ere esan dio norbaitek.

Talibanek boterea hartutakoan argi ikusi zuen 1990eko hamarkadara atzera egingo zutela emakumeek, “etxean sartuta bizitzeko eta burka jantzita”. Bi urte zeramatzan lanean Mendebaldeko GKE batean. Talibanak iritsitakoan GKEak lagunduko ziela uste zuen. Erakundeak, Mendebaldetik, lasai egoteko erantzun zien eta bisa ez eskatzea aholkatu zien.

Entzun zuen talibanak neskak beraiekin ezkontzera behartzen ari zirela. Bera ezkongabea eta gaztea izanda, Afganistanen bizi den eta emakumeen eskubideen alde aritzen den Mendebaldeko aktibista bati aipatu zion kezka. Ezin ziola lagundu erantzun zion, gezurretako senarra bilatzeko. Oso tristea iruditu zaio emakume afganiar honi feminista batek halako erantzuna ematea, “Badirudi beretzat nire egoera ez dela hain larria”.

Badaki emakumeen eskubideak murriztuko dituztela talibanek eta dirudienez bertako gizonek ere oso ondo dakite. Haietako batzuen jarrerak harritu du, adibidez lankideenak. GKEko bulegoan azken lan eguna egin zutenean lankide gizonezkoek txantxa giroan horrela esan zioten: “Ikusiko zaitugun azken eguna da! Orain zure anaiari eskatu beharko diogu zu ikusteko baimena eta ezetz esango digu!”. Ondoko irakurketa egin du emakumeak gertaera hartaz: “Uste dute haien bizitzak berdin jarraituko duela, baina nireak ez. Eta ez die axola”.

Gizon askok halako ustea dutela iritzi dio testigantza eman duen emakume afganiarrak, alegia, talibanak boterean direla bizimodua emakumeei aldatuko zaiela, ez gizonei. Azken lanegunean bulegotik atera eta gizon bat gerturatu zitzaion kalean eta esan zion errua berea eta emakumeena dela. Hala esan zion: “Emakumeak gehiegi askatu dira eta lotsagabetu, eta beraz, talibanek diziplina ezartzea erabaki dute”. Gizon hark ez omen du beldurrik, talibanak emakumeen bila etorri direlako, ez gizonen bila.

Ez daki berari zer gertatuko zaion, bisa lortuko duen, Afganistanetik aterako duen lana egin duen GKEak. Konturatzen da bere biziak beste batzuenak baino gehiago balio duela, GKE batentzat lan egin duelako. Bost ahizpa dauzka eta ez daki haiekin zer gertatuko den. Hala esan die The Guardian eta El diario.es hedabideei: “Gure etorkizuna Mendebaldeko gobernuen esku dago. Haiek erabakiko dute nor salbatu eta nor bidean utzi. Bihotza erdibitzen dit horrek”.