argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldeak zigorra kendu dio Errusiari, Europako gas hornidura ziurtatzeko
  • Nord Stream 1 hodiak behar zuen turbina bat Alemaniara bidali du Kanadak, Alemaniak Errusiara eraman dezan. Europako Batzordeak “txalotu” egin du Alemaniaren eskariz Kanadak zigorren politika urratzea.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 21

Kanadako Gobernuak Alemaniara turbina bat eramatea galarazi du denbora batez. Turbina Nord Stream 1 gas hodiaren konponketarako beharrezkoa zen, baina Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak esportazio hori debekatzen diote. Nord Stream 1 gas hodiaren mantenu arduraduna Siemens Energy Alemaniako enpresa da. Iragan larunbatean, baina, gobernuak jakinarazi zuen turbina Alemaniara garraiatzeko baimena eman ziola. Enpresa arduradunari “baimen ezeztagarria eta denbora mugatukoa” eman diola adierazi du Kanadako gobernuak.

Zelensky haserre, Europako Batzordea pozik

Erabaki “zaila” baina “beharrezkoa” izan dela adierazi du asteazkenean Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak. Helburua “Europako hornidura energetikoak ziurtatzea” dela azaldu du. Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskyk Kanadari leporatu dio Errusiaren “xantaiari” men egitea. Haserre mintzatu da Zelensky, nazioari eginiko deklarazioan: “Estatu terrorista batek salbuespen hori ezar badiezaieke zigorrei, zer salbuespen nahiko ditu bihar edo etzi?”. Gerraren eta zigorren sustatzaile nagusienetarikoa izaten ari den Europako Batzordeak, bere aldetik, pozez hartu du Kanadaren erabakia: “Europako Batzordeak txalotu egiten du Kanadak gas naturaleko gasbideko turbina bat Alemaniari itzultzeko hartutako erabakia, konpondu ondoren Nord Stream 1 gasbidean erabiltzeko”.