argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan
  • Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako sostengua salatzeko. Kongoko probintzia horiek mineralez aberatsak dira eta lur horien gaineko kontrola ere dute gatazkaren oinarrian.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urtarrilaren 30
2012an osatu zuten M23 erakunde armatua. MONUSCO/Clara Padovan

Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Belgika, Uganda, Ruanda… herri andanaren enbaxadak jomugan hartu dituzte urtarrilaren 28an, Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan bideraturiko matxinadetan. Hortik 1.500 kilometroetara den Goma hiria Martxoak 23 erakundearen eskuetan gelditu izana da eraso horien arrazoia: Ruandak babesten duen M23 taldea Mendebaldeak ere sostengatu izana ez dute onartzen. Gobernuaren kontra dabilen talde armatuaren zabalpena aitzina doa azken hilabeteetan eta bizkortu egin da urtarrilaren 25az geroztik: Ipar-Kivuko hiriburua berenganaturik, Hego-Kivukoa dute orain jomugan, Bukavu. Duela bi urte egituraturiko Kongo Ibaiaren Aliantza taldearen laguntza ere du M23k. Azken hori sortu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedi-ren aurkari nagusietarikoa den Corneille Nangaa-k.

Krisi politikoari aterabide bat atzeman nahian, EAC Afrikako Ekialdeko Komunitateak bilera berezia egin du asteazken gauean. Angolako presidente Joao Lourenco dabil bitartekari lanetan, eta M23ren "legez kanpoko okupazioen" bukaera eta Ruandako armadaren "berehalako atzera-egitea" galdatzen ditu. NBEaren Segurtasun Kontseiluak ere talde armatuaren jarrera salatu du, Kongotik ateratzea galdatuz Ruandako armadari.

Azken egunetako Gomako erasoek ehun bat hildako eta milako bat kolpatu eragin dituzte. Desplazatuei dagokionez ere, "egoera benetan kezkagarria" dela errepikatu du NBEk. Golanen, demagun, milioi bat dira eta Kongo osoari begiratuta, urte hastapenetik 500.000 lagunek dute beren bizitokia utzi. Gaur egungo gatazkaren oinarrian kokatzen den 1998-2002ko Kongoko Bigarren Gerraz geroztik, herrialdearen ekialdeko 6,2 milioi pertsonak desplazatu behar izan dute.

Su-etenaren gainetik pasata

M23ren eta Kongoko armadaren arteko borrokak bukatzeko su-eten bat sinatu zuten Kongoko eta Ruandako buruzagiek iragan uztailaren 30ean. Abuztuaren 4an sartu zen indarrean, baina orduz geroztik behin baino gehiagotan urratu izan dute bata zein besteak. Kongoko eta Ruandako presidenteak abenduaren 15ean ziren batzartzekoak, Angolako presidenteak deituta. Baina bilera bertan behera utzi zuten azkenean, desadostasunek gaina harturik: Ruandak nahi zuen M23koek eta Kongoko armadak berak negoziazioetan parte hartzea; baina horrelakorik ez zuen nahi, Kongok, M23 "talde terroristatzat" eta "Ruandaren txotxongilotzat" daukalako.

Gatazkaren oinarrian, mineralak, besteak beste

Ekonomiak badu bere garrantzia gatazka horretan. Hain zuzen, Ipar-Kivu eta Hego-Kivu probintziak mineralez aberatsak dira –batez ere koltana eta nikela, smartphoneetan erabiltzen direnak–. Berez, CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala milizian egondakoak dira M23ren sortzaileak, eta 2009an Kongoko Gobernuaren eta CNDPkoen artean adosturiko ituna errespetatu ez izanagatik berrarmatu ziren 2012an, M23 egituratuta. Besteak beste, itunak zioen matxinoek zutela lur horien kontrola. Hori errespetatu ez izana leporatzen diete Kongoko buruzagiei.

NBEren txosten baten arabera, gaur egun 120 tona koltan esportatzen ditu hilean M23k, eta ekoizpenari ezartzen dizkion zergek 800.000 dolar inguruko diru sarrerak ziurtatzen dizkiote hilean.