argia.eus
INPRIMATU
Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena
  • Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 30
Ruper Ordorika artxiboko irudi batean.

Puntuzko alkandora, elegantzia ere beti soinean, garai berriagoek zipriztindu balute gisan taularatu da Ruper Ordorika jendez lepo zen Antzokira. Autotunera ez da heldu, lasai, baina iritsi gara doinu kubatarrekin gerria mugitzera, Fas Fatum bezalakoen punteo otxenteroak eta baxu gogorrak albo batera utzita. Baracoako Usategiaren moduko doinuak dira garai berriak; pauso bat hara, eta bestea hona ematea, alegia. Gerriko minik izango da gaur, ze zalantzarik ez, lagun zaharrekin elkartzeko balio izan baitzuen atzokoak.

Lagun zaharrekin elkartzeko eta ez hain zaharrekin ere bai. Izan ere, badirudi behintzat ohiko frikiez haragoko jende gaztea erakartzen hasi dela Ruper. Modan jarriko zen, akaso, gerria euskaraz horrela mugitzea, eta izango da Ruper orain ezagutu duenik ere, eta ostegunekoa lehen kontzertua zuenik; baina modu batera edo bestera izanda ere, poza ematen du. Eta ez hori bakarrik, poza ematen du ere batek baino gehiagok esatea Herdoilarena falta zela errepertorioan, ziutate grisaz ezer gutxi geratu arren egungo garai ilunotan.

Aurkeztu eta jendarteratzeko egiten dira diskoak, eta hala egin behar izan ohi da epe jakin batean, bederen. Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusi saioz saio, eta galbahea pasa gero. Entzuleak ere badaki pieza berrienek hartuko dutela errepertorioaren zati handi bat, plazer luke horretara joan bada, baina errealki zail dago bi dozena disko dituen artista bat ikustera joan izana soil-soilik horregatik. Egongo dira agian, dena den, aurrerantzean eta urte luzetan joko diren kantuak, badira-eta pieza eder eta gozoak. Santa Anara bisita sidekarroan egitea esaterako, bada bidaia laketgarria.

Mundua ez dela modu batekoa soilik esanez hasi du emanaldia Ordorikak, eta halaxe da, kontua guztiz aldatzen baita Lutxo Neirak baxua hartzen duenean. Fas Fatum jotzeko lehenik, eta Nirekin Geratu atzetik, argiztapena aldatuta rolloan gehiago sartzeko. Arkaitz Minerren talentuak ere edonor harrapa dezake, eta jendea lehen beroaldi apurra sentitzen hasita, zerura begira denak, oxigeno partikulak aurkitu nahi zirelako bereziki, baina baita ez daudenez oroitzeko ariketa gisa ere, nahiz distantzian akaso hobe egon, zerutik gertu ez baita ongi egoten. Eta gorantz begira, Marino Lejarretak ere ziur altxako zituela besoak 1982an bezala. Guztiok, ziur, uneren batean. Eta ez berandu genbiltzalako eta geuk geneukalako katagorrien ditxosozko intxaur kajafuertia.

Poza eta zoriona partekatu zen mende laurdena bete duen Kafe Antzokian. Zer opari hobeagorik Antzokiari, halako kontzertu puska baino. Oparia norberarentzat ere, bakoitzak bere miratik begiratuta –eta zer nolako mirak zituzten batzuk: begira Gorka Belaskoren hau–. Aurrerantzean, data hauetan, utz gehiegizko jan-edanak eta har maitasuna beti ere Ruper Ordorika eta kuadrillarekin. Baina bizi ibili, sarrerak agortu baititu han eta hemen. Bizitza, batzuentzat eta uneotan bada ere, eder denaren seinale.