Hiroshimako G7 bilkuraren harira, ez da makala Marxek, Hegelen ahotan ipiniz, gehiegitan ere errepikarazi digun hori beste behin ere esateko tentaldia: “Hegelek dio, non edo non, historia unibertsaleko gertakari eta pertsonaia handi guztiak, esango genuke, bi aldiz agertzen direla; baina ahaztu egin zitzaion esatea: behin tragedia gisa eta beste behin fartsa modura”.
Ez dut uste inork ukatuko duenik 1945eko abuztuaren 6koa tragedia izan zela. Ameriketako Estatu Batuen istorio ofizialari men eginez “gerra laburtzeko ekintza izan zen” argudioa itsu-itsuan erosten dutenek ere ezingo dute ukatu orduan eta ondoren hil ziren dozenaka, ehunka mila japoniar guztiek ez zutela ia inolako zerikusirik gerraren nondik norakoekin. Horren ondorioa, historiako ekintza terroristarik handiena izan zela aitortzeko asmorik txikiena ere du erakutsi, haatik, oraingoan ere, egungo Trumanek.
Fartsa ote, orduan, Hiroshimako 2023koa? Bai eta ez. Memoriaren monumentura lore-eskaintza egitera hurbildu ziren zazpi goi-agintarien imintzioa ikusita, fartsa ez ezik trufa ere bazela esango nuke. Eta haien komunikatua irakurrita, balirudike arma atomikoak Errusiak, Ipar Koreak eta Txinak erabili zituztela.
Baina zilegi da ekitaldiaren beste ikuskera bat. Historiari erantsia hura ere, baina fartsatik ezer gutxi lukeena. Ez dut uste Hiroshiman bildu diren zazpiak ohartuko ez zirenik duela mende eta laurden Zortzi Nazioen Aliantza osatu zuten berberak direla. Hain zuzen ere, orduko zortzigarrenaren, Errusiaren aurka epelak botatzeko, oraingoan.
Baina, batez ere, orduan eta orain jo-puntuan dagoen Txinaren aurka mehatxuak, madarikazioak eta biraoak jaulkitzeko. Hori baitzen Hiroshimako G7aren bene-benetako xedea. Eta beraiek ohartu ez badira, Txinan ordea argi eta garbi ikusi dute antzekotasuna, nik uste. Ezikusiarena egin eta Xi’anera begira jarri badira ere.
Bere ustez Txinaren ezagule sakona –eta, agerikoa denez, haren arbuiatzaile sutsua– zen Hegelen gogoetara (eta Marxen iruzkinera) itzuliz, parekotasunaren bihurrikeria legoke Shimonoseki, Boxerren Matxinada eta Legazioen Auzoaren Setiotik igaro den mende eta laurdenean. Ez alferrik, gainera, Hiroshimak berak erakutsiko lukeen bezala.
Auzora etorri eta Txinari desafioka aritzeak, gaur egun, mozkinen bat eman dezake Mendebaldeko zenbait iritzi publikotan. Baina inor ez du kikiltzen Zhongnanhain. Ez eta konbentzitzen ingurumarian.
Performancearen politikagintzak beldurra eman ez baizik erakutsi egiten baitu.