argia.eus
INPRIMATU
Mende bukaerarako itsasoaren maila 59 zentimetro igoko da
  • Klima aldaketaren ondorioz XXI. mende amaierarako itsasoaren mailak 59 zentimetro gehiago izango ditu, WWF Naturaren zaintzarako munduko erakundeak aditzera eman duenez.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko abuztuaren 20a
WWFk jakinarazi duenez uholdeak geroz eta ohikoagoak izango dira

Ekologistek ohartarazi dutenez, itsasoaren igoerak uholdeak, denboraleak, olatuen noranzkoaren eta indarraren aldaketak eta itsasoen azidotzea ekar litzake.

Estimazioen arabera, 2040. urterako ozeanoen maila sei zentrimetro igoko da. Horren ondorioak lazgarriak izango dira: Galiziako eta Kantauri Itsasoko kostek hiru metro jango dizkio lurrari; Kadizeko Golkoan bi metroko galera eta Mediterraneo eta Kanariar irletan itsasoak metro bat eta bi metro arteko tartea irabaziko diote lurrari.

WWFk esan du itsasoaren tenperatura %70 igoko dela, eta bere ondorioak jada kosta eta itsas ekosistemetan antzeman daitezkeela. Horrek elikagai, lehengai, botika edota uraren kalitatean eragina dauka.

Aldaketa klimatikoaren inguruko konferentzia Parisen

Nazio Batuen Erakundeak antolatuta azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitarte klima aldaketaren inguruko COP 21 biltzarra egingo da Parisen.

WWFk dioenez, hondamendia saihesteko, ezinbestekoa da bataz-besteko tenperatura globala gehienez 1,5 gradu igotzea, industrializazio aurreko tenperaturekin alderatuta. Jada gradu bat igo da tenperatura eta joera horrekin jarraituz gero lau gradu igoko de ohartarazi dute.