argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Memoriaren Institutuak bi antifrankistaren gorpuzkiak atera ditu hobitik Sigüeseko hilerrian
  • Frankismoaren biktima izan ziren bi pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek elkarlanean. Bata Izabakoa zen eta bestea, haren laguna, oraindik ez dute identifikatu. Aragoiko Sigüés herrian aurkitu dituzte gorpuzkiak. Alderdi komunistako bi kideak Aragoi ibaian itota hil ziren. Memoriaren Institutuak 2015etik 115 pertsonen gorpuzkiak aurkitu ditu. 

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 30a
Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Joan den asteburuan atera dituzte gorpuzkiak Sigüéseko hilerrian. Jasotako testigantzen arabera, Vicente Abadia Anaut zen hildakoetako bat, Izabakoa, eta bestea, haren kide ezezaguna. Garai hartako iturri ofizialen arabera, Aragoi ibaian itota hil ziren.

Antza denez, Vicente Abadia eta bere kidea Espainiako Alderdi Komunistako kideak ziren eta Nazioarteko Sorospen Gorriaren funtsak lekualdatzen ari ziren. Operazio horietako batean, 1948ko apirilean, Guardia Zibilaren kontrol bat ikusi eta hura saihesten saiatu ziren. Aragoi ibaian ito ziren ihesean zirela. Gorpuzkiak hobitik aterata, orain laginak senideen DNArekin alderatuko dituzte.

Nor zen Vicente Abadia Anaut

Nafarroako Gobernuak bere webgunean (gaztelaniaz baino ez dugu aurkitu) ondoko informazioa eskaini du 1948an itota hil zen antifrankistaz:

Vicente Abadia Anaut Izaban jaio zen 1913an. Errepublika garaian UGT sortzen saiatu zen eta estatu kolpe militarraren ondoren Frantziara ihes egin zuen. Bartzelonara itzuli eta Gazte Sozialistetan sartu zen. 1939an, gerra amaitu zenean, Argèles-sur-Mer kontzentrazio-esparruan zegoen. Ondoren, Gurseko kontzentrazio zelaiarekin lotura lanetan aritu zen. Liburuak eta tabakoa eramaten zituen besteak beste, eta amabitxi bila ere aritzen zen.

Atxilotu eta hainbat kontzentrazio-esparrutara eta langileen batailoi batera eraman zuten. Alemanengandik ere ihes egitea lortu zuen, eta, ondoren, Erresistentzian sartu zen, Maule-Lextarre, Tarbes eta Montoryren askapenean parte hartuz. Bere azken urteetan lotura lanetan aritu zen, 1948an 35 urte zituela hil zen arte. Une horretan, dokumentazio faltsua zeraman, eta Juan Gonzalez Martinez zituen izen-abizentzat. Sigüéseko bizilagunek ezagutu zuten, baina ez zuten identifikatu, bere senideak, Izabakoak, arriskuan ez jartzeko. Guardia Zibilaren arabera, heriotzaren arrazoia "odoljarioa" izan zen. Hilabete baino lehen, beste gizon bat aurkitu zuten Aragoi ibaian; bere izena, Antonio Gil Rodríguez, ziuraski faltsua. Abadiaren laguna izango zela uste da.