argia.eus
INPRIMATU
Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute
  • Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza @leakohitza Garazi Burgoa Aldarondo 2024ko azaroaren 11

Oroimena eta aitortza. Beharrezko bi elementu dira historia ofizialek ezkutaturikoa azaleratzeko, finean, historian zehar hitzik izan ez dutenen bizipen eta aldarriak kontatuz, memorian eta bihotzean gordetakoarekin, gertatutakoa zabaltzen jarraitzeko. Larunbatean, Oroimen Egunean, Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakume eta umeak omentzeko elkartu dira bertan, “memoria astintzen jarraitzeko”, hain zuzen. 

Txalaparta hotsarekin batera eman diote hasiera ekitaldiari, 12:00etan. Agurra eta lore eskaintza egin dute jarraian, Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakume eta umeen omenez. Nikolasa Agirrezabalaga Amutxastegi omentzeko tartea ere hartu dute, 22 urterekin, salaketa faltsuaren ondorioz, abenduaren 13an Zaragozan fusilatu zuten mutrikuarra: “Defentsarik gabeko epaiketa egin zioten, eta hil behar zuten goizera arte ez zuen jakin heriotza zigorrera kondenatu zutenik”. 

Horrez gain, Angeles Florez Peon, ‘Maricuela’, asturiarra ere omendu dute, 1938an Saturrarango kartzelan sartu zuten emakumea: “Maiatzaren 23an hil zen Gijonen, 105 urterekin. 16 urterekin anaia fusilatu zioten, meategiko greba batean, eta orduan egin zen sozialista, gerran, miliziano ere izan zen. Iparraldeko frontea jausi zenean, atxilotu eta 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten”. Saturrarango kartzelara ekarri zutenean hogei urte besterik ez zituen Angeles Florezek, eta zubiz bestaldeko eraikinean eduki zuten, “inoiz ez zuen umerik ikusi Saturraranen. Zenbat metro daude eraikin batetik bestera? Hain hurbil eta hain urruti. Presoen artean zegoen inkomunikazioa handia zen”. Saturraranen egondako Raul Blanco umea ezagutzeko aukera izan zuen Florezek, baina berak, kartzelan igaro zituen hiru urteetan umerik ez zuela ikusi nabarmentzen zuen. “Gerra eta gerraren ondorioz sufritutakoa erakutsi diguzulako, eta demokraziaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dizugulako; zuretzat, ‘Maricuela’ gure omena eta txaloak”. 

Eta nola ez, Saturraranen egondako ume guztiak omendu dituzte: “Mertxe Gallardo Carrilo. 1940ko martxoaren 3an, Saturraranen jaiotako umea. Ama andaluziarra, Eusebia Carrilo Marin. Hemen daukagu Mertxe Gallardo Carrilo, gure omena eta txaloak, berari, eta bera eta bere ama bezala Saturraranen preso egon ziren guztiei”. Bertan zeuden baita, Saturraranen ama, amona edo senidea preso izandakoen ondorengoak, baita, umeren bat etxean hartutako familiak ere, “lekuko zuzenak badoazkigu banan-banan, eta haien faltan guri dagokigu hemen gertatutakoa gogoratzea, eta presoek pasatutako une gogorrak ez ahaztea”. 

Sufrimenduaz gain, historia honen bueltan egondako elkartasuna azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek: “Eguneroko jatordutik bakoitzak bi kutxarakada gutxiago jan eta Saturrarango presoari ekartzen zioten lapikotxoan janaria. Umeak besoetan hartu eta babestu egiten zituzten Mutrikuko eta Ondarroako herritarrek. Karminak, Asunak, Anitak… esker oneko hitzak izaten zituzten beti Ondarroako eta Mutrikuko herritarrentzat, babesa eman zien haientzat”. 

Esker oneko hitzez beteta eman dio jarraipena ekitaldiari Saturraran Elkarteak: “Gure esker ona erakutsi nahi dizuegu gaur ere Saturraranera hurbildu zareten guztioi, esker ona gertatutakoa memorian txertatzeko ahalegina egiten duzuelako eta ondokoei kontatzen diegun heinean, ez direlako ahaztuko Saturrarango eraikinean hil ziren 116 emakume eta 61 umeak. Gure memorian eta bihotzean gorde eta inguruan historia zabaltzen jarraitu behar dugu, ahaztu ez dadin“.

Saturrarango kartzelan egondako emakumeei zuzendutako abestiarekin eta Mikel Laboaren Txoriak Txori kantuarekin eman diote amaiera ekitaldiari bertaratutako guztiek, ekitaldia une “hunkigarri” bilakatuz: “Non dira? zein zulotan? Ehun eta laurogei hil hotzak. Emelina, Agapita, Aurora eta Bienvenida, betirako joan zirenak“. 

 

[ARGAZKI GALERIA]