Ahanzturaren aurka egiteaz gain, “egia, justizia eta erreparazioa” aldarrikatzea da bultzatzaileen asmoa; etorkizunera begira, 1976ko martxoaren 3koa gisako gertaera bat saihesteko bitarteko ere bada memoriala.
Martxoak 3 elkarteak, 40. urteurrena hautatu du ekimen berria martxan jartzeko eta asteazkenean egin dute memorialaren aurkezpena. “Gasteizera doan orok egin ahal izango du bisita gidatua, Zaramaga denbora makina bilakatu da, 1976ra itzuliz”, azaldu dute bultzatzaileek.
Artea eta memoria uztartuko ditu ekimenak. Garai hartako kale, merkatu, fabrika zein tabernetako giroa berreraikitzea da memorialaren xedea eta horretarako bitartekoak jarri ditu. Zaramagan barrena joan nahi duenak audifonoa eta liburuxka izango ditu eskuragai; bisitaria gidatzeko seinaleak egongo dira eta martxoaren 3ko gertakariekin loturiko kontakizunak entzuteko aukera izango da toki esanguratsuenetan.
San Frantzisko eliza
Ibilbidea San Frantzisko elizan amaitzea zen bultzatzaileen asmoa, ikus-entzunezko collage batekin, baina gotzaintzak ez die horretarako baimenik eman. Soilik memorialaren irekiera egunean –martxoak 2– erabili ahal izango da espazioa, ekimena aurkezteko antolatu den bisita mugatuan.