argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibila omenduta, biktima batzuk berriz biktimizatzen direla salatu du Memoria Osoak
  • Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 04a
Zigor Olabarria

Gasteizko Plaza Berrian egin dute agerraldia ostiral honetan, eta hizlariek oroitu dute nola duela bi hilabete toki horretan bertan bildu ziren Gasteizko Udalak Urrezko Domina eman ziolako Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa Fundazioari. Udalaren erabakia arbuiatu zuten orduan, sari horrekin saritzen zelako fundazio horrek “biktimen artean bultzatzen duen bazterketa”. Prentsaurrekoan hitza hartu dute GALek torturatuta hildako Jose Antonio Lasa Arostegiren arreba Asun Lasak eta Egunkariaren kasuan torturak jasan zituen Martxelo Otamendi zuzendari ohiak. Guardia Zibilaren torturak jaso zituen Unai Romano eta Gogora Institututik bota berri duten Pilar Garaialde ere presente izan dira.

Jarrera hori zuzendu beharrean, biktimak berriz biktima bihurtzeko ekitaldien antolaketa areagotzen ari dela salatu dute. Horien artean kokatu dute, Bilbon joan den irailaren 28an Guardia Zibilak Itsas Museoaren aurrean egin zuen erakustaldia; edo urriaren 12rako Gasteizko Plaza Berrian bertan Guardia Zibilak iragarri duen desfilea. Iruñean, esate baterako, Guardia Zibilak urriaren 12an, bere patroiaren egunean, urtero egiten du desfilea Galiziako etorbidean, baina Gasteizen lehenbizikoz egingo du, eta gainera hiriko udaletxea hartzen duen plazan.

Memoria Osoak salatu du ekitaldi horien bidez Guardia Zibila omentzen dela, indar horrek milaka pertsonen giza eskubideak bortxatu dituenean, “oraindik ere zigorrik jaso ez dituzten bortxaketak”. Giza eskubideen bortxaketaren biktima direla gogorarazi dute, eta horregatik plazaratzen dutela euren iritzia, beti ere, “iritsi eta sentiberatasun guztiekiko errespetuan”, baina galdu gabe haien helburua: “bizikidetza demokratikoa”.

2016an Kriminologiaren Euskal Institutuak EAEn 1960tik 2015era izandako tortura kasuei buruzko txostena entregatu zion Eusko Jaurlaritzari: 4.009 tortura salaketa zituen eta horietatik 3.577 dokumentatuak eta gordeta dituzte institutuan. Euskal Memoria fundazioak azken 50 urteetako 9.600 tortura kasu baino gehiago jaso ditu Oso latza izan da liburuan.

Norabide aldaketa biktimen politiketan

Memoria Osoa-ren agerraldian adierazi dute begi-bistakoa dela Eusko Jaurlaritza berrian giza eskubideak, oroimena eta biktimen politiketan ematen ari den norabide aldaketa. “Badirudi kudeatzaile berriek egun batetik bestera ezabatu nahi dutela azken hamar urteetan gehiengo sozialak ahalegin handiz, esperantzaz eta irmotasunez eraiki duena”.

Euren biktima izaeratik erantzukizun politiko eta penalak ondorioztatzen direla azpimarratu dute, baina agian memoria agintari berriek ez dietela horiei aurre egin nahi eta horregatik ematen ari direla aldaketak horiek. Bizikidetza eraikitzea baino, errelato bat inposatu nahi dela uste dute, eta Gasteiz norabide aldaketa horren buruan dagoela. Diotenez, “berdintasun eta ez bazterketaren printzipioek gidatu behar dute instituzioen lana”, eta horregatik, dei egiten diete Gasteizko Udalari eta Espainiako Gobernuko EAEko Ordezkaritzari, ez ditzaten berriz biktima bihurtu eta lan egin dezaten biktimen artean dagoen asimetria gainditzeko.

Dagoeneko eskatu dutela bilera bat Maider Etxeberria alkatearekin eta hari ere hausnarketa hauek helaraziko dizkiotela aipatu dute: “Prozesu honek zerbait erakutsi badigu zera da, aurrera egiteko elkarrizketa, kontsentsua eta, bereziki, gure gizartean dagoen pluraltasuna eta aniztasunarekiko begirunea”.