argia.eus
INPRIMATU
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak
  • Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten duela zentroak.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 01
Argazkia: Wikipedia

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 5ean, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioari hiriaren Urrezko Domina emango dio Gasteizko Udalak, eta erabakiak kritika ugari piztu ditu. Memoria osoa bizikidetzaren alde plataformak –hala nola Martxoak 3 elkarteak, Egiari Zor Fundazioak eta Gernika Batzordeak osatzen dutena– zentroaren izaera kritikatu zuen 2020an sortu zenean. Plataformak arrazoitu zuen osatzen duten taldeek “bizikidetza eraikitzeko erabaki irmoa” dutela eta “erronka kolektiboa” izan behar duela, baina zentroak “planteamendu diskriminatzailea” egiten duela. “Irakurketa partziala” egiten duela salatu du plataformaren bultzatzaile den Martxoak 3 elkarteak.

Gasteizko Urrezko Domina emateko erabakiaren aurrean, plataformak mobilizazioa eta prentsaurrekoa antolatu ditu abuztuaren 2an 12:30etan Gasteizko Plaza Berrian. Martxoak 3 elkarteak sare sozialen bitartez adierazi du "erabat umiliagarria eta lotsagarria” dela “Gasteizko Udala bezalako Erakunde publiko batek biktimen arteko diskriminazioa betikotzen duen Zentro Memorialaren eredua saritzea”.

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak zentroari urrezko domina emateko hiru ideia bereizi zituen, "terrorismoaren biktimek gorpuzten dituzten balio demokratiko eta etikoak zaintzea eta zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa eraikitzea eta herritar guztiak kontzientziatzeko lana, askatasunaren eta giza eskubideen alde eta terrorismoaren aurka egiteko". Horrez gain, adierazi zuen “turismo-baliabide berri bat” bihurtu dela zentroa, ireki zenetik 85.000 pertsona inguru bertaratu direlako.

Melitón Manzanas bai, martxoak 3ko biktimak ez

EH Bildu ere urrezko domina ematearen kontra azaldu da, eta Memoria osoa plataformaren ekimenaren alde. “EH Bilduk biktima guztiak aintzat hartu eta babestuko dituen memoria inklusiboa eraikitzearen alde egin du, salbuespenik gabe”, adierazi du alderdi politikoak. Martxoak 3 elkarteak eta EH Bilduk gogorarazi dute Gasteizko zentroa 29/2011 Legean oinarritzen dela –Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integraleko legea– eta horren definizioak jasotzen duela “1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismo-adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun-zeinua" izan nahi duela. Salatu dute planteamendu horrek kanpoan uzten dituela “estatuaren aparatuek data horretatik aurrera eragindako giza eskubideen urraketen milaka biktima”, nahiz eta onartu duten biktima batzuk jaso direla Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeetan. Zentroak "abuztuoro Melitón Manzanas torturatzailea eta Gestapoko kolaboratzailea" omentzen duela salatu du EH Bilduk, eta ez, aldiz, 1976ko martxoak 3ko biktimak.