argia.eus
INPRIMATU
Memoria historikoaren Legea urratzen duten udalerriei laguntza eskaini die Francisco Franco Fundazioak
  • Ikur frankistak baztertu nahi ez dituzten udalei bidali die gutuna fundazioak. Lege bidezko laguntza eskaini die, horretarako abokatu talde on eta merke bat dutela gaineratuz. Nafarroako Gobernuak azaroan onartu du ikur frankistak kentzeko plana abiatzea.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 21a
Falangearen ikurra Aragoiko Belchite herriko eraikin batean (Arg: P. de Aragón)

Guztira 335 udalerri omen dira Espainiako Estatuan Memoria Historikoaren Legea ez betetzea erabaki dutenak. Fundazioaren ustez “historia faltsutzea” da legearen helburua, eta “duela 80 urte galdutako guda gorrotoaren eta mendekuaren bidez irabaztea”.

Euskal Herrian dauden ikur frankistak kentzeko egin diren azken pausuak

Nafarroako Gobernuak ikur frankistak kentzeko plana onartu du azaroan. Memoria Historikoari buruzko Koordinazio batzorde teknikoak Nafarroako 141 herri aztertu ditu dagoeneko, eta 224 ikur frankista identifikatu ditu horietan.

Iruñeko Eroritakoen Monumentua ere itxi dute azaroan, Espainiako Gerra Zibilean kolpisten alde borrokan hil ziren nafarren oroimenez eraikitako monumentu frankista.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 2012an sortu zuen EAEko herrietatik frankismoaren sinboloak kentzeko batzordea, baina oraindik ere badira zenbait ikur. Horietako bat, aurreratu dutenez, hurrengo hilabetetan kenduko dute: Moyuako (Bilbo) Espainiako Ogasun Agentziaren eraikinean dagoen armarri frankista.