argia.eus
INPRIMATU
Memoria historikoa Euskal Herriko eskoletara daraman tresna
  • Aurreko belaunaldiek 1936ko gerran eta Francoren diktaduran bizi izandakoez egungo ikasleek gero eta gutxiago dakitelako kezkatuta, garai hartaz Euskal Herrian egin diren lanen eta jaso diren testigantzen bilduma egin eta ikastetxeetan lantzeko materiala sortu du irakasle talde batek. “Iraganean isilarazi eta ezkutatu zuten horren inguruko egia belaunaldi berriek ezagutzea eta bilatzea” dute helburu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urriaren 23a

Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko irakasleek sortu dute Oroimenaren harra, eta memoria historikoa ikasgelan lantzeko hainbat baliabide proposatzeaz gain (webguneak, liburuak,  abestiak, ikus-entzunezkoak, eskultura eta margoak, antzezlanak… ageri dira, hala nola Izarren argia pelikula edota Francoren bilobari gutuna antzezlana), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko unitate didaktikoak prestatu dituzte.

Martxoak 3, Gernika, Germán Rodríguez…

Unitate didaktikoen artean aurkitu ditzakegu, esaterako, martxoaren 3an gertaturikoa aztertzeko unitate didaktikoa, Armairuak Irekiz (homosexualitateari lotutako oroimen historikoa lantzeko), emakumeek izan zuten rola aztergai dituen lau unitate, zuzeneko testigantzak oinarri hartzen dituen lanketa, Gernikako bonbardaketak literaturan izan duen errepresentazioa, 1978ko Sanferminetan eta Germán Rodríguezi gertaturikoa gogora dakarren unitatea…

Hezkuntza komunitatearen bidez, bizipen horiek guztiak ahanzturan ez erortzea da xedea; “azken batean, errepresioa jasan zuten horien omenez justizia egitea”.