argia.eus
INPRIMATU
Memoria gara
Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 08a
Guardia Zibilak urriaren 12an Iruñean egindako desfilea. Jagoba Manterola / Foku

Historiak laguntzen digu ulertzen zer gertatu zen, baina baita gaur egun zer garen ulertzen ere. Nola ulertu gaur egungo mundua AEBetako sorrera eta Frantziako Iraultzaren sorrera ezagutu gabe? Nola ulertu gaur egungo Mendebaldeko hegemonia azken bost mendeetako kolonialismo europarraren sustraietan arakatu gabe? Nola ulertu Ekialde Erdian gertatzen ari dena Mandatu Britainiarra, Balfourreko Adierazpena edota sionismoaren sorrera ezagutu gabe?

Autoa gidatu daiteke atzerako ispiluari begiratu barik, baina lasai asko esan daiteke gidariak istripua izango duela berandu baino lehen. Atzera begiratzeak laguntzen digu iraganeko akatsetatik ikasten eta haiek ez errepikatzen. Eta teorikoki bederen, giza eskubideen logikak gidatzen duen munduan, hiltzea, bortxatzea eta arpilatzea arbuiagarriak badira, Europak onartu beharko luke horiek eguneroko ogia izan direla bere historia kolonialean.

Hala balitz, gaur egungo Espainiako Estatuak ez luke eragozpenik Ameriketara begiratzean “sentitzen dut” xume bat esateko: “Gure arbasoen konkistak milioika heriotza eragin zuen zuenean, arpilatzea, desjabetzea, esklabotza... Gu ez gara gertaera haien errudun, baina zinez sentitzen dugu gure arbasoek basakeria haiek egin izana”. Hori zintzo esaten bada, asko esaten da. Gero akaso etorriko da barkamen eskaera, edo gertatutakoaren hausnarketa bateratua, kalte ordain morala, monetarioa, ez errepikatzeko borondatearen adierazpena... batek daki zer, baina etorkizunera bestela begiratzeko zoru berri bat finkatuko litzateke.

Bada ordua Espainia zor hori guztia kitatzen has dadin. Mexikoko agintariek Espainiako Gobernua barkamenarekin akuilatu duten une hau pauso bat emateko aukera ederra litzateke, baina Espainiak jarraitzen du “historia partekatuaren harrotasuna”-ren ikuspegian. Iraganarekiko begirada horrek asko diosku Espainiako agintarien gaurko jarreraz. Eta euskal herritarrok zer? Ezaguna da gure arbasoetako askok heriotza eta arpilatze historia horretan izan zuten papera, beraz, bada guk ere antzerako ariketa egiteko sasoia.

Euskal gatazkara etorrita ere, Espainiako Estatuak azken hamabost urteetan landu duen oroimen ikuspegia gehiago izan da irabazlearen kontakizuna finkatzeko ahalegina, aurrera begirako bizikidetza lantzeko tresna baino. Batzuei gehiago interesatzen zaie kondena berbaren erabilera politikoa, “sentitzen dut” horrek zabal ditzakeen bideetan arakatzea baino. Bide berriak, giza eskubideetan eta printzipio demokratikoetan oinarritutakoak. Oraindik urrats ugari eman behar dira alde guztietatik, baina seguruenik dena litzateke oso desberdina urriaren 12ko desfileetan Guardia Zibilak denok dakiguna aitortuko balu: “Bai, torturatu genuen, sentitzen dugu”. Jakina, ez da hori gertatuko. Horregatik, oraindik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat desfile horiek irabazlearen eta zapaltzailearen desfileak dira.