argia.eus
INPRIMATU
Memeka.eus, memeak euskaraz egiteko tresna berria
  • Iametza komunikazio eta teknologia enpresak memeak euskaraz egitea errazten duen proiektua kaleratu du.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 03a

Iametza enpresak hasieratik garatu ditu euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT) erlazionatutako hainbat produktu, eta berriki memeka.eus sortu du. Proiektu berri hau nerabeei begira dago eta IKTak baliatuz euskararen erabilera handitzea du xede. Memeak euskaraz egiteko aukera eskaintzen du.

Memea umorezko mezu sinplea da. Zabalkuntza azkarrekoa da eta askotan irudi, bideo edo testu baten arteko nahasketa satirikoa izaten da. Grezierazko mimema hitzetik dator eta "imitatutako zerbait" esan nahi du.

Memelari

Memeak egiteko tresna da Memeka. Memeak sortzeko irudi garbiak eskaintzen ditu besteak beste. Irudi garbiaren gainean nahi den testua jartzeko aukera ematen du eta erabiltzaileak erabaki ditzake letra tipoa eta kolorea. Ondoren automatikoki jartzen ditu esaldiak irudiaren gainean, eta deskargatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari.

Kontua eginez gero, egindako memeak deskargatzeaz gain, Memekan bertan partekatzeko aukera ematen du. Partekatutako memeak galerian gordetzen dira, edonork ikusi eta erabili ditzan.