argia.eus
INPRIMATU
Meliton Manzanas torturatzaile frankista omendu du Espainiako Poliziak Gasteizen
  • Espainiako Polizia Nazionalaren 200 urteurren ekitaldia egin dute Gasteizen larunbatean. Polizia Nazionalak Betoñun edo Olagibel kalean bere egoitzetatik kanpo, kalean, ekitaldi publiko bat egiten duen lehen aldia da azken urteetan. Bertan izan dira, besteak beste, Maider Etxebarria (PSE) alkatea eta Iñaki Gurtubai (PNV) zinegotzia.

Hala Bedi @halabedi 2024ko urtarrilaren 17a
Omenaldiaren une bat. Argazkia: Argazkia: @DenisItxaso

Ekitaldian Espainiako bandera altxatu zuten eta «terrorismoak eraildako poliziak omendu» zituzten. Meliton Manzanas torturatzaile frankista izan da omendu horietako bat. Melitón Manzanas polizia frankista izan zen, disidentzia politikoaren jazarpenerako Brigada Político-Social BPS-ko burua. Gestaporen kolaboratzailea ere izan zen. Ezaguna da Euskal Herrian basakeria handiz jardun zuen torturatzailea izan zelako. Dozenaka pertsonaren testigantzak gutxi balira, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen txostenak ere jasotzen du «tortura eta tratu txarren saioak zuzendu eta horietan parte hartu» zuela Manzanasek. ETAk bere gain hartu zuen hildako bat eragin zuen lehen ekintza izan zen Manzanasen heriotza.

2021ean ere polemika handia eragin zuen Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Museoak Melitón Manzanas torturatzaile frankistari bere heriotzaren urteurrenean egindako omenaldiak. Torturaren biktimek eta senideek, Meliton Manzanasen biktimen senideek, Foro Sozialak zein elkarte memorialistek salatu dute Museoak polizia-inspektore huts gisa definitu duela Manzanas, nahiz eta lekukotasun askoren bidez egiaztatuta egon tortura erabili zuela atxilotuen aurkako metodo bezala, bereziki modu sadikoan, arrastoa utzi duena orain arte.

Oraingoan ere harrabotsa sortu du sare sozialetan.