Duela bi urte, Marokotik Melillara igaro nahian ari ziren ehunka pertsonari eraso egin zieten polizia-indarrek, eta gutxienez 70 lagun erail zituzten, nahiz eta kopuru zehatza ez dagoen argi. Gertakarien inguruko ikerketa amaitutzat jo dute Marokon, iritzita ez dagoela "delitu zantzurik" eta "indarraren erabilera proportzionala" egin zuela Poliziak. Aste honetan hilobiratu dituzte Nadorreko beilatokian bi urtez izan dituzten pertsonen gorpuak.
2022ko ekainaren 24an, Marokoren eta Espainiako Estatuaren arteko muga igarotzen saiatu ziren ehunka pertsona (zenbait iturriren arabera 1.700 inguru izan ziren), Melillako hesia gurutzatuta. Kriminala izan zen bi estatuetako polizia-indarren erantzuna, modu bortitzean jo baitzuten migratu nahian ari zirenen kontra. Kopuru zehatzik ez dute argitu oraindik: zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen arabera 70 lagun erail zituen Poliziak, beste zenbait erakundek 37 hildako izan zirela diote, eta, iturri ofizialen arabera, 23 izan ziren.
Itxura denez, mugaren alde marokoarrean izan ziren hilketa guztiak, Marokoko jendarmeen eskuetan. Hala ere, gerora hainbat txostenek erakutsi zutenez, Espainiako Estatuko Guardia Zibilak ere modu zitalean jardun zuen: harriak jaurti zizkien muga gurutzatu nahian ari ziren pertsonei, eta gasa ere erabili zuen euren kontra. Dozenaka eraildakoez gain, hainbat eta hainbat lagun desagertu ziren Poliziaren eraso biolentoan.
Melillako sarraskitik bi urte igaro direnean, jakinarazi dute Marokoko Fiskaltzak bertan behera utzi duela gertakariei buruzko ikerketa. Auzia artxibatu du, uste baitu ez dagoela "delitu zantzurik" eta "indarraren erabilera proportzionala" egin zuela Poliziak: "Indar publikoen esku-hartzea erasoari eta arriskuari aurre egiteko eta ordena mantentzeko izan zela erakutsi dute ikerketek, indarraren erabilera proportzionala eginez".
"Sarraskiaren, ikerketa abiatzeari uko egitearen eta giza-eskubideen urraketa larrien aurrean izandako isiltasunaren konplize dira Maroko eta Espainia", salatu du Giza Eskubideen Marokoko Nador elkarteak. "Kasu hau behin betiko ixtea" bilatzen ari direla uste du, "ikerketarik egin gabe eta erantzukizunak argitu gabe". Azaldu du, gainera, bi urtez eduki dituztela eraildako pertsonen gorpuak Nadorreko beilatokian, eta aste honetan hilobiratu dituztela bost, "erdi ezkutuan".