argia.eus
INPRIMATU
MEFSST! Musika Errebolta Feministaren itzuleraren aurre-festa antolatu dute larunbaterako Orion
  • Bere itzulera eginen du Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko hitzordu garrantzitsu bihurtua zen MEFSST Musika Errebolta Feministak ekainaren 3an. 2017an izan zen azkena, eta sei urte geroago itzuliko da jaialdia. Asteburu honetan zabalduko dute egitaraua, justuki, antolatu duten aurre-festan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko apirilaren 28a
Pottors ta Klito taldea, kontzertuz. (Argazkia: taldearena)

Orioko gaztetxean jarri dute aurre-festaren hitzordua, larunbat honetan, "giroa berotzeko" eta "dirua ateratzeko" xedez. Egun osoko egitaraua prestatu dute: Sin tu permiso dokumentalaren emanaldia, Manuela Ahizpek bideraturiko poteo musikatua eta 21:30etatik aurrera kontzertuak: Les Sauvage, Ithaka, eta DJ Soul Shouter eta DJ Sargori.

Zarauzko gaztetxean, ekainaren 3an iraganen den MEFSST Musika Errebolta Feministaren egitarauaren berri emateko hitzordua ere izanen da. Dena dela, plaza transfeminista horretan nagusituko den giroa punkarena, punkrockarena, postpunkarena eta rockarena izanen dela zehaztu dute antolatzaileek, agiri bidez. Kontzertu eta pintxadez gain, sormen prozesuei buruzko mahai-ingurua eta fanzine sorkuntza tailerra ere izanen dela aurreratu dute.

Musikazaleak dira musika erreboltaren oinarrian, behar eta gogo batzuk baturikoak: "Musika eszena edo giro batzuetako gizonen presentziak eta espazioa okupatzeko modu batzuetan esklusiboek nekatzen gaituzte askotan, edota tipa, bollera eta beste subjektu batzuen falta sumatzen dugu, bai taula gainean, bai publikoan, bai antolatzen, bai tabernetan". Horregatik berriz hauspotu nahi izan dute MEFSST topaketa, espazio transfeminista batean "musika entzun, dantzatu, sortu, antolatu, ezagutu, hausnartu eta ondo pasatzeko". Hala ere, gizonezkorik gabe edota gutiengoan dituzten talde eta kontzertu antolatzaile geroz eta gehiago direla eta "pozik" direla diote antolatzaileek. Talde horiei bideratuko diete oholtza Orioko zein Zarauzko hitzorduetan.