argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoko hilerria ekiditea, delitu
  • Hamazazpi egun itsasoan ibili ostean, Carola Rackete Sea-Watch 3 ontziko kapitainak Lampedusako (Italia) portuan baimenik gabe porturatzea erabaki zuen. Hau dela eta, kapitaina atxilotu zuen Italiako armadak, hainbat delitu egotzita. Egoera larrian zeuden 42 migratzaile zeramatzan ontziak, eta larritasunak bultzatuta aldebakartasunez porturatzea erabaki zuen kapitainak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 01a
Carola Rackete jendaurrean. Argazkia: Sea Watch.

Italiako itsas-mugaren ertzean hainbat egun nabigatzen ibili eta gero, Sea-Watch 3 ontzian zeuden 42 migratzaileen ezinegona amaitu da. Honek, bada, eragin zuzena izango du jada ikono bihurtu den Carola Rackete kapitainarengan. Izan ere, hiru delitu egozten dizkio Italiako Justiziak kapitainari: gerra-ontziei obeditzeari uko egitea, debekatutako uretan nabigatzea eta gerra-ontzien aurkako erresistentzia eta biolentzia.

Joan den larunbat goizean porturatu zuen Racketek Sea-Watch 3 ontzia Lampedusako portuan. Portura iritsi bezain pronto atxilotu zuten kapitaina, eta irla italiarreko bizilagun batek jaso zuen bere etxean, 48 orduko egoitza-atzipenaldian. Astelehen arratsaldean galdeketa egingo diote kapitainari, eta hortik aurrera jarraituko du bere aurkako bide judizialak. Nahiz eta delitu larriak egozten zaizkion, fiskaltzak Agrigento probintzian sartzeko debekua bakarrik eskatuko du.

Munduko hainbat GKEk eta Giza Eskubideen Aldeko Elkartek irmoki salatu dute Italiako Gobernuaren jarrera, 42 pertsonen bizitza arriskuan jarri dutela esanaz. Ekialde Hurbilean eta Europan errefuxiatuen egoera nolakoa den ikusita, giza eskubideen aurkako erasotzat jo dute kasu hau.

Erresistentziaren gorpuztea

Italiak errefuxiatuak salbatzea zailtzeko lege berriak onartu ditu aurten; adibidez, baimenik gabe ur italiarretan sartzen den GKE orok 50.000 euroko isuna eta 15 urterainoko kartzela zigorra jasoko du. Sea-Watch 3 ontzia baimenik gabe ibili zen Lampedusa irla inguruan hainbat egunez, eta Matteo Salvini Italiako barne-ministroak eta Carola Rackete kapitainak etsaitasuna adierazi zioten elkarri. Salvinik publikoki hainbat adierazpen egin zituen Sea Watch GKEaren aurka. Joan den larunbatean, Racketeren atxiloketa eta gero, pozik azaldu zen Salvini, nahiz eta egin zutena Italiak sinatutako nazioarteko akordioaren aurkakoa izan.

Carola Racketeren atxiloketa dela eta, munduan erakunde eta pertsona asko jarri dira kapitainaren alde, eta bizitzak salbatzea ez dela delitua aldarrikatu dute. Rackete askatzea eta berehalako kargugabetzea eskatu dute, eta migratzaile eta errefuxiatuen aurkako politikak amaitzea eta nazioarteko legedi eta akordioak errespetatzea aldarrikatu dute.