argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoko espezie gehienak desagerrarazi zituen fenomeno geologiko batek duela 5,5 milioi urte
  • Orain dela 5,5 milioi urte inguru, mugimendu teknokikoek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten. Horrekin batera, gatz-biltegi erraldoi bat sortu zen Mediterraneoaren azpian.

Ana Galarraga @AnaGalarraga1 Elhuyar @elhuyaraldizk 2024ko irailaren 05
Duela 5,5 milioi urte inguru, Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten mugimendu tektonikoek. (Argazkia: NOAA)

Zientzialariek 1970eko hamarkadatik zuten haren berri. Orain, aldaketa geologiko haren aurreko eta ondorengoko fosilak aztertuta, jakin dute espezieen % 11k baino ez zuela iraun, eta 1,7 milioi urte gerora arte ez zela aurreko espezieen ugaritasuna berreskuratu.

Hain zuzen, mugimendu tektoniko hark aldaketa gogorrak ekarri zituen gazitasunean eta tenperaturan, eta itsas ekosistema guztiek jasan zituzten ondorioak: 779 espezie endemiko zeuden aurretik; ondoren, 86 baino ez. Gero, Atlantikoa eta Mediterraneoa berriz konektatu zirenean, Atlantikoko espezieek Mediterraneoa kolonizatu zuten, eta espezieen dibertsitatean mailakatze bat sortu zen mendebaldetik ekialdera. Mailakatze horrek gaur egunera arte ere iraun duela aipatu dute. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.