argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoko erreskate batean hildako zazpi migratzaile aurkitu dituzte
  • Hamabost bat metroko luzeerako txalupan 280 migratzaile zeuden, eta Aita Mari ontziak erreskatean parte hartu du. Italiako Lampedusa uhartetik gertu zegoen txalupa, noraezean, eta itsaso mugitua zegoenez, Italiako kostazainen hiru ontzik gauzatu dute erreskatea; Lampedusan lehorreratu dira.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 26a
Italiako Kostaldeko Guardiak gauzatu du erreskatea. / Argazkia: Aita Mari.

Astelehen gauerdian 280 migratzaile erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan, baina haietatik zazpi hilda aurkitu dituzte, seguruenik hipotermiaren ondorioz. Aita Mari erreskate ontziak jakinarazi duenez, Lampedusa uhartetik gertu atzeman zuten hamabost bat metro luzeko txalupa, jendez gainezka eta arriskuan.

Espainiako, Maltako eta Italiako agintariei abisua eman zieten berehala. Italiako agintariek Aita Mari itsasontziari eskatu zioten ez gerturatzeko hara, itsasoaren egoera txarra zelako, eta Italiako Kostaldeko Guardiaren esku geratu zen erreskatea. Lampedusan lur hartu dute 270 migratzailek eta zazpi gorpuek.

 

 

 

280 pertsona zeuden txalupan noraezean. / Argazkia: Aita Mari.

 

 

 

Datozen asteetan ere Mediterraneoan segiko du Aita Marik, migratzaileek jarraitzen baitute euren jaioterrietatik ihes egiten, Europarantz. Berria egunkariak argitaratu duenez, azken egunetan erreskate ugari egin dituzte hainbat itsasontzik, eta ehunka pertsona daude Italiako kostaldera heldu nahian.

Libiako errefuxiatuak

Horietako asko Libiatik alde egin behar izan dutenak dira; Libiako errefuxiatuen egoera salatu du Aita Marik, eta pertsona horien testigantza batzuk zabaldu ditu Twitter bidez. Atxiloketa arbitrarioak, berehalako itzulketak eta giza eskubideen urraketak eguneroko arazo dira, eta Europar Batasunaren erantzukizuna azpimarratu dute: “EBko estatuak jakitun dira atxiloketa arbitrarioak eta giza eskubideen urraketa sistemikoak egiten direla. Halere, haien muga-erregimenak lehentasuna du giza bizitzen aurrean”.