argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoan iaz hildako 2.000 migratzaileen alde, gurutze bana Donostiako Kontxako hondartzan
  • Ehunka bolondresek migratzaile eta errefuxiatuek pairatzen duten egoera salatu dute igandean, Gora Herria. Basque People ekimenaren baitan. Datorren igandean Donostian manifestatzera deitu dute eragile ezberdinek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 28a
Argazkia: Sortu

2.000 migratzaile baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan 2018an, Europako lurretara heltzeko ahaleginetan. Horiek gogoratu eta Europar Batasunaren jarrera salatu nahi izan dute ehunka bolondresek Donostian, hildako bakoitzarengatik gurutze bana jarriz Kontxako hondartzan. Europar Batasunari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaie Maider Lazkano plataformako kidea, “utzikeria” leporatuz. Europar Batasunaren migrazio politikak salatu ditu, Pedro Sanchezek Aita Mari itsasontziari itsasoratzen ez uztea gaitzetsi du eta Jaurlaritzak egoeraren aurrean “ezikusiarena” egiten duela esan du.

“Aurreko urteetan milatik gora asilo eskaera aurkeztu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta dena dela, instituzioek ez dituzte euren konpromisoak bete”, salatu du Lazkanok. Espainiako Gobernuak hitzartutako migratzaile kopuruaren %11 soilik jaso du, eta Frantziak %22.

“Harrera herria”

Asteburuan Euskal Herriko leku ezberdinetan aldarrikatu dute Euskal Herria harrera herria dela, eta egun indarrean dagoen migrazio politika bidegabea dela. Donostian, datorren igandean, manifestazioa deitu eta babestu dute eragile ezberdinek Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak lelopean. Udaz geroztik migratzaileen eskubideen aldeko defentsan lanean diharduten hainbat Donostiako herritarrek luzatu dute deia. Lau printzipio dituzte: 1) Inor ez da ilegala 2) Hemen lan eta bizi diren guztiek eskubide guztien jabe izan behar dute 3) Migratzaile guztiek dute harrera duin bat jasotzeko eskubidea 4) Instituzioei dagokie aurrez aipatutakoa bermatzea.