argia.eus
INPRIMATU
“Mediterraneoak hilerri erraldoi bat dirudi”
  • 20.000 pertsona hil dira gutxienez 1988tik Europara iritsi nahian. Aurten, 500 pertsonek galdu dute bizitza Mediterraneoa zeharkatzen Europara. Isileko tragedia hau apenas agertzen da prentsako titularretan, baina Gabriele del Grande kazetari italiarrak sei urte daramatza atzean dauden istorioak Fortress Europe blogean jasotzen.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 24a
Mediterraneoa txalupaz zeharkatzen saiatzen dira afrikar asko. Tamalez, askok ez dute helburua lortzen.

20.000 dira nazioarteko hedabideek jaso dituzten heriotzak, baino askoz gehiago direla salatu du del Grandek La Marean egindako adierazpenetan, “hondoratze asko itsas zabalean gertatzen direlako inolako arrastorik utzi gabe, edo herrialde batzuetan ez dagoelako prentsa askatasunik halako albisteen berri emateko”. Hala ere, datu hori Afrika eta Europan haserrea pizteko nahikoa izan beharko litzatekeela uste du kazetariak: “Mediterraneoak hilerri erraldoi bat dirudi”.

Del Granderen ustez, ezkutuko immigrazioa desobedientzia zibileko mugimendurik handienetarikoa da, eta zirkulazio askea ez da aukera bat, errealitatea baizik. “Europar Batasunak barku militarrak bidaltzen ditu Mediterraneora, bertatik inor ez sartzeko Europara, baina aldi berean dirua inbertitzen du herrialde batzuetan Schengen bisak liberalizatzeko. Interesgarria litzateke galdetzea zergatik Mendebaldean zirkulazio askea arrakastaz sustatzen duen, eta aldiz, herrialde arabiar, musulman eta afrikarrei ateak ixten dizkien”.

Zirkulazio askea aldarrikatzeko Io sto con la sposa (Emaztegaiarekin nago) pelikulan ari da lanean kazetari italiarra. “Gerratik ihes egin zuten bost siriar eta palestinar ezagutu genituen Milanen. Suedian babes politikoa eskatu nahi zuten eta haraino iristen lagundu genien. Ezkontza batera joateko bezala mozorrotu ginen, atxilotuak ez izateko, eta horrela Europa zeharkatu genuen. Pelikulak zirkulazio askearen ametsa oinarri duen abentura hori kontatzen du”.