Italiaren eta Greziaren arteko ibilbideak egiten dituzten ontzi komertzialetan asilo eskatzaileen itzultze ilegalak burutzeko ziega ezkutuak daudela frogatu du Lighthouse Report erakundeak.
"Asilo eskatzaileak, haurrak barne, ofizialak ez diren ziegatan atxikitzen ari dira Italiatik Greziara doazen bidaiari-ontzien sotoetan, metalezko kaxetan eta gela ilunetan, Italiako autoritateek buruturiko itzultze ilegalen estrategia jarraituz”. Ikerketa kazetaritza egiten duen Lighthouse Report erakundeak Europako Batasunean ematen den eta hain ezaguna ez den deportazio praktika honen berri eman du aste honetan.
Beste zenbait eragilerekin kolaboratuz, argazkiak, bideoak eta testigantzak bildu dituzte Veneziako, Anconako, Bariko eta Brindisiko portu italiarretara heldutako asilo eskatzaileak atxilotuak eta Greziara bueltan doazen ontzietan modu ilegalean itzuliak direla frogatzeko. Haietan ikus daitekeenez, pertsonak ontzien sotoetan atxikitzen dituzte, metalezko kutxatan eta kaioletan, duinak izatetik urrun dauden baldintzetan eta, zenbait kasutan, eskuburdinak jarrita.
2014an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Italiak praktika berbera erabiliz asilo eskatzaileak Greziara ilegalki itzularazi zituela, Europako Batasunean babesa eskatzeko aukera ukatu zitzaiela azpimarratuz. Erromako Gobernuak itzultze ilegalak gelditu egin zirela hainbatetan errepikatu duen arren, argitaratu berri den ikerketak argi utzi du, bederatzi urte igarota, autoritateek berdin jokatzen jarraitu dutela.
Ikerketak hamabi kasuren ebidentziak jasotzen ditu, hiru adingaberenak tarteko. Haietako batek, 17 urteko afganiar batek, argi utzi du zein izan zen Italiara heltzerakoan bizitako prozesua: “Greziarako ontzian bidali ninduten bueltan, nire asilo eskaerari buruz, ez beste ezeri buruz, ezer galdetu gabe”.
Lighthouse Reportek erregistraturiko itzultze horiek guztiak Greziako Attica Group enpresaren ferryetan egin dira, eta elkarrizketatutako pertsonek salatu dutenez, izugarrizko tenperatura altuak jasan behar izan zituzten ziegetan egon ziren bitartean. Zenbait kasutan, 24 orduz baino gehiago izan zituzten bertan atxikita.
Ikertzaileek ontzi horietako batera igotzera behartua izan zen Afganistango beste asilo eskatzaile baten hitzak ere partekatu dituzte: “Bi metro luze eta 1,2 metro zabal dituen gela txiki bat da […]. Ur botila txiki bat soilik duzu, eta batere janaririk ez […]. Ontzi barruko gela txiki horretan geratu behar izan ginen, eta zailtasunak onartu”.
Aditu juridikoek eta GKEk ikerketaren emaitzak berretsi dituztela adierazi du ere Lighthouse Reportek, Italiak buruturiko praktika honi erreferentzia egiten dioten txosten ugari dituztela nabarmenduz. Haien estimazioen arabera, 2014tik hona, modu horretan ilegalki deportatuak izan diren pertsonen kasuak “ehunka” izan dira.