argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneo itsasoan erreskatatutako 800 migranteak lehorreratzeko porturik gabe daude
  • Ocean Viking, Sea Watch 3 eta ResQship ontziek 818 pertsona erreskatatu dituzte Mediterraneoan azken asteetan egindako hainbat operaziotan. Itsasontziek gehienezko edukiera gainditu dute, eta lehorreratzeko portu baten bila ari dira. Migrante eta errefuxiatu asko osasun egoera larrian daude.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 03a
Ocean Viking itsasontziko erreskatatuak. Argazkia: @SOSMedIntl

Salbamentu lanetako hiru ontzik 818 migrante eta errefuxiatu erreskatatu dituzte azken asteetan Meditearraneo itsasoan egindako hainbat operaziotan. SOS Méditerranée GKEaren Ocean Viking ontziak 555 pertsona daramatza; izen bereko erakundearen Sea Watch 3 itsasontziak, 263; ResQship izenekoak, gutxixeago. Hirurek gehienezko edukiera gainditu dutela adierazi dute, eta erreskatatuak “premiaz” lehorreratzeko portu baten bila ari dira.

Erreskatatu gehienak Marokotik, Bangladeshetik, Egiptotik eta Siriatik datoz, Euronews-ek zabaldutako datuen arabera. Tartean, 28 emakume eta 33 adingabe daudela adierazi du Ocean Viking ontziko taldeak. Azken horien bi heren nagusien laguntzarik gabe heldu dira Mediterraneora.

Erreskateak hil ala biziko egoeran egin dituzte salbamentu ontziek: hainbat migrantek eta errefuxiatuk uretara salto egin behar izan dute beren txalupak hondoratzen ari zirelako. Bestalde, migrante eta errefuxiatu asko “muturreko” osasun egoeran egon dira. Hainbatek konortea galdu dute ontzigainean. Ocean Vikingeko mediku taldeak gaixoak “ebaluatzen, tratatzen eta monitorizatzen” ari direla azaldu du.

Momentuz, Sea Watch ontzian zegoen pertsona bat baino ez dute ebakuatu, egoera oso larrian zegoelako. Gainontzeko erreskatatuak lehorreratzeko portu seguru baten bila ari dira orain, eta GKEek Italiari eta Maltari egin diote eskaera.