argia.eus
INPRIMATU
Medikuntzako dekanotzaren adarjotzea, Euskararen Egunean
  • Heldu da beste behin abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Betiko lez, festa-giroan ekimen ugari antolatu dira nonahi, aurten lehenengoz gure fakultatean ere bai. Horrelako iniziatibek euskararen problematika azaleratzen eta jendea kontzientziatzen lagundu dezakete, hots, normalizazioan lagun dezakete. Edonola ere, argi dago ekimen horiek guztiek ezer gutxirako balio dutela lan horri urtearen gainerako egunetan jarraipena ematen ez bazaio, eta, tamalez, gure fakultatea azken horren adibide garbia da.

Medikuntza Asanblada @MedikAsanblada 2015eko abenduaren 03a

Izan ere, ezin uler daiteke lau hamarkadetan dekanotzatik euskararen alde egin den ekimen ia bakarra lipdub-a eta narrazio lehiaketa izatea. Horregatik, osasungintzako karrerak euskaraz ikastea posible izan dadin urteko 365 egunetan lan egiten dihardugunoi adarjotzea iruditzen zaigu dekanotzaren jarrera. Berez, ekimena bide onetik doa, baina lan hutsala izango da jarraipenik ez badauka. Hortaz, ez dugu inolaz ere onartuko dekanotzak hura baliatzea bere burua zuritzeko eta euskararen aldeko irudi faltsu bat ikusarazteko.

Azkenik, aipatu beharra dago ikasle anitz ere inplikatu direla lipdub-aren antolakuntzan. Ikasle horien lana eta motibazioa ez dugu inolaz ere zapuztu nahi, beraiek ez baitira dekanotzak sustatutako jokoan sartzearen errudun. Argi daukagu ikasle horietako gehienek euren intentzio onenekin parte hartu dutela ekimenean, euskarari laguntzeko asmoz. Eta, esan bezala, haiek hala nahi badute, euskararen aldeko benetako ekimena izan daiteke, baldin eta urteko gainerako egunetan ere lanari eusten bazaio.

Horiek horrela, gure animo guztiak eman nahi dizkiegu ikasle horiei guztiei; ikasturtean zehar gurekin EUTSI planaren baitan lan egiteko gonbitea luzatzen dizuegu, medikuntza eta osasungintzako gainerako karrerak euskalduntzera goaz eta! Hori lortzeko gauza bat baino ez da funtsezkoa, egungo dekanotzak ez daukana hain zuzen: borondatea.

Leioan (Medikuntza eta Odontologia Fakultatean)