Donostiako EHUko medikuntza ikasleak 2020-2021 ikasturtea hasi dugu normaltasun berri honetan, baina zaharrak berri. Pandemia garai honetan lehengo urteetako formazioaren ahalik eta antzekoena bermatuko zaigula adierazi du unibertsitateak, baina zer esan nahi du horrek? Benetan al dakigu egunotan protagonista diren medikuen hezkuntza nolakoa den?
Konfinamenduko informazio fluxu eza uda guztian mantendu ostean, berdin hasi dugu iraila. Noticias de Gipuzkoa-n argitaratutako artikulu bat izan da gure praktiken nondik norakoaren lehen informazio ziurra. Bertan dekanoak gure praktikak harrotasunez saldu ditu, “oinarrizkoak” eta “ezinbestekoak” direla esanez, baina errealitatea bestelakoa da.
"Ikasturtea hasi baino hiru egun lehenago jakin genuen aurtengo kurtsoari hasiera emango geniola, zehaztasunak eta baldintzak ezagutu gabe. Ezjakintasun horretan kurtsoa abiatu eta 6. mailakoak praktiketan geundela iritsi zitzaigun 4. eta 5. mailakoei ospitalea zapaltzeko baimena"
Ikasturtea hasi baino hiru egun lehenago jakin genuen aurtengo kurtsoari hasiera emango geniola, zehaztasunak eta baldintzak ezagutu gabe. Ezjakintasun horretan kurtsoa abiatu eta 6. mailakoak praktiketan geundela iritsi zitzaigun 4. eta 5. mailakoei ospitalea zapaltzeko baimena. Horretarako, dokumentu baten zirriborroa sinarazi ziguten gure betebeharrak eta eginkizunak zehaztasunez finkatuz, gure eskubideak, ordea, airean utziz.
Beste behin ikusmira gazteongan jarriz, segurtasunari buruzko neurriak hartzeko garaian gaixotasunaren transmisore soil bezala ikusi gaituzte. Horrela, ospitaleko segurtasuna justifikatu nahian baliogabeko PCR frogak burutu dizkigute. Izan ere, 6. mailako ikasleei praktiketan hasi eta astebete beranduago egin ziguten bitartean 4. eta 5. mailako ikasle batzuei aurrerapen gehiegirekin egin dizkigute. Bestalde, gure gain hartu behar izan ditugu segurtasun neurri pertsonalak nahiz eta horretarako baliabiderik ez eskaini, praktiketarako arropa eta musukoak gure poltsikotik ordaindu baititugu.
Behin neurri horiek hartuta eta Dekanoaren hitzetan ordezkaezinak diren praktiketan hasita, lehenago genuen egoera kaxkarra agerian jarri eta areagotu egin dela ohartu gara. Praktikei ematen zaien balio gabeziaren seinale dira ospitalean igarotzen ditugun ordu urriak (15 ordu ikasgai bakoitzeko) eta horietan bizitzen duguna. Ospitale “unibertsitario” honen parte izatetik urrun, traba gara.
EHUren antolamendu faltaren ondorioz, ordu gutxi horiek askotan hutsalak dira. Unibertsitateak bermatzen duen gauza bakarra titulu homologatua lortzeko gutxieneko ordu kopurua betetzea da. Burokrazia horretatik kanpo, ordea, ez dio garrantzirik ematen praktikaldi horren kalitateari, gure esperientzia ausaz esleitzen zaigun tutorearen esku utziz.
Pertsona helduak eta etorkizuneko medikuak garen arren, haur txikiak bagina bezala tratatzen gaituzte EHUko zuzendaritzatik. Ez dugu subjektu pasibotzat ulertzen gaituen normaltasunera itzuli nahi. Honen aurrean agente aktibo bilakatu nahi dugu, bai unibertsitatean, bai ospitalean. Bada garaia langile esplotatuak izateko prestatzen gaituen sistema iraultzeko.