Jarduneko Nafarroako Gobernuak asteazken honetan eman du baimena Medikuntzako gradua Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi ahal izateko. Ekainaren 14tik 21era bitartean egin ahal izango da aurrematrikula.
NUPen Medikuntza ikasteko aukera eskainiz osatu egingo da osasungintza arloko titulazioen eskaintza unibertsitate publikoan: Bioteknologia, Ingeniaritza Biomedikoa eta Psikologia ere eskainiko ditu NUPek.
Dagoeneko eskaintzen ziren Erizaintza eta Fisioterapia graduak osatuko ditu Medikuntzakoak eta titulazioaren eskaintza lagungarria izango da Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuaren lana hobetzeko ere.
Gainera, urrats honekin, amaitutzat eman daiteke Opus Deiren unibertsitate pribatuak osasungintzako ikasketen alorrean Nafarroako Erkidegoan eduki duen monopolioa.