Altsasuko, Olazagutiko eta Ziordiko herritarrak artatzen dituzte Altsasuko osasun etxean. Gurutze Arregi Mujikak eta Jose Antonio Donlok, Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideek salatu dute Altsasuko osasun etxean langile “gutxi” dituztela eta egoera “prekarioa” dela: “Medikuak behar ditugu”.
9.000 biztanle baino gehiago artatzen ditu Altsasuko osasun etxeak. Horretako, batez beste bi edo hiru familia-mediku dituzte eta pediatra bakarra: “Azken boladan pediatra gabe egon gara”. Plataformako kideen arabera onartezina da, langileek ezin diotelako eskariari aurre egin. Hortaz, sei familia-mediku eskatu dituzte eta pediatra bat eta erdi: “Hori da biztanleen arabera dagokiguna”. Egoera horrek denei eragiten diela azpimarratu dute: “Langileei ezinegona eragiten die eta herritarrei amorrazioa”.
Langile gutxi daudenez, askotan osasun etxera deitu, eta langilerik ez dagoela esaten diete; horren ondorioz, itxaron zerrenda luzeak sortzen dira. Horrez gain, askok 50 kilometro egin behar izaten dituzte artatzeko: “Zerbait garrantzitsua gertatzen zaigunean ez dakigu nora jo, eta ospitaleko larrialdietara joaten gara”.
Langile faltaren aurrean, Nafarroako Gobernuaren erantzuna “urria” izan dela esan dute: “Esan digute ahal dutena egiten dutela, eta ez dutela langilerik topatzen”. Gaineratu dute Sakanako osasun arreta “txarrak” ibilbide luzea daukala, gutxinaka joan delako kalitatea okertzen: “Badakigu egoera ez zela okertzen hasi legealdi honetan, ezta aurrekoan ere, baina uste dugu UPNk zazpi urte izan dituela esku hartu eta egoera hobetzeko”.
Altsasuko, Olazagutiko eta Ziordiko osasun baliabide “urriez” gain, esan dute Sakanako gainerako herrietan osasun arretaren kalitatea ere jaitsi dela: “Unau, Dorrau, Lizarraga, Bakaiku, Urdiain, Arbizu eta Lakuntzako herritarrek ez dute pandemia aurreko osasun arreta iguala jasotzen; bat egiten dugu haien beharrekin ere”.