argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Mediku Kolegioen iritzitan, indarkeria obstetrikoa ez da existitzen
  • "Indarkeria obstetrikoa" terminoaren aurka agertu da Espainiako Mediku Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorra, sexu eta erreprodukzio osasunaren eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen 2/2010 legearen etorkizuneko erreformari begira egindako mintegien ondotik. El Parto es Nuestro elkarteak gogorarazi du nazioarteko hainbat erakundek aitortua dutela indarkeria obstetrikoaren existentzia, eta iaz NBEk Espainia zigortu zuela indarkeria obstetriko kasuengatik.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko uztailaren 14a
Collagea: Tamara GarcĂ­a

Berriki plazaratu duen prentsa ohar batean, Espainiako Mediku Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak (Consejo General de Colegios Oficiales de Médicos, CGCOM) adierazi du "indarkeria obstetrikoa" terminoa iraingarria dela, ez datorrela bat errealitatearekin eta profesionalak iraintzen dituela. Adierazpenok uztailaren 9an Espainiako Emakumearen Institutuak sexu eta erreprodukzio osasunaren inguruan egindako mintegien ondotik egin dituzte kolegioek.

Aipatu mintegiak sexu eta erreprodukzio osasunaren eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen 2/2010 legearen etorkizuneko erreformaren abiapuntutzat ditu Espainiako Berdintasun Ministerioak, baina erreforma horren ardatzetako bat izango litzatekeenaren kontrako jarrera agertu dute mediku elkargoek. Izan ere, erreformak aurreikusten du emakumeen aurkako indarkeria askotarikoak lantzea, indarkeria obstetrikoa barne.

Mediku elkargoen arabera, medikuaren partetik pazientearenganako ematen den indarkeriari erreferentzia egiten dion terminoa urruti dago errealitatetik; idatzian ulertzera ematen denaren arabera, beren arabera indarkeria hori ezohikoa da haurdunaldian, erditzean eta erditzeondokoan. Kolegioen aburuz, termino horrek ez dio errealitateari erantzuten eta “zehaztasun zientifikoaren eta etika medikoaren printzipioaren arabera lan egiten duten profesionalen jarduna kriminalizatzen du”. Hala bada, diote “komunitate zientifikoak igorritako posizio berbera” hartzen dutela: posizio bat “indarkeria obstetrikoa” terminoa arbuiatzen duena, pazienteak artatzerakoan indarkeriazko jarrerak eman ez daitezela bermatzen duena, eta profesionalei emakumeen eta haurren ongizatea zaintzeko konpromisoa gogorarazten diena.

“Indarkeria obstetrikoa” terminoarekin “beharrezkoak ez diren alarma sozialak” sortzen direla iritzirik, “zuhurtzia” eskatu dute. Lerro artean irakur daitekeenez, mediku kolegioen arabera indarkeria obstetrikoa terminoaren erabilerak kaltetzen du medikuaren eta pazientearen arteko konfiantza, eta ez lehenak bigarrenaren aurka erabil dezakeen indarkeriak.

Esandakoak zuzentzeko eskakizuna

Adierazpenon aurrean, mintegietan parte hartu duen El Parto es Nuestro elkarteak mediku elkargoei gogorarazi die hainbat nazioarteko erakundek aitortu egiten dutela indarkeria obstetrikoaren existentzia. Munduko Osasun Erakundea, Europako Parlamentua eta Nazio Batuen Erakundea jarri ditu adibide gisa, eta gogorarazi azken horren parte den Emakumeen Kontrako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeak (CEDAW) 2020ko otsailaren 28an Espainia zigortu zuela indarkeria obstetriko kasuengatik.

Hala bada, mediku elkargoei dei egin die hausnarketa egitera eta esandakoak zuzentzera. “Gure ustez, oso garrantzitsua da sozietate zientifikoen presentzia lege honen erreforman, begiak ireki behar baitizkiote ikusarazten ari garen errealitateari”, adierazi du El Parto es Nuestro elkarteko lehendakariorde Virginia Murialdok. Jakinarazi du badakitela idatzi horrek ez duela barnebiltzen mediku guztien ikuspuntua eta aliantzak egin nahi dituztela indarkeria obstetrikoa aitortzen duten profesionalekin.