Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta euskarazko plaza guztiak betetzen diren.
Azken lau urteetan espainolezko plazen eskaintza mantendu egin da (200 plaza urtean); euskarazko eskaintza 130 plazakoa zen, eta azken urte honetan 168ra igo dute, espainolezkoaren azpitik. Euskarazko plaza guztiak bete direla ikusita, eta kontuan hartuta osasun sistemak euskaraz dakiten profesionalak falta dituela, hainbat galdera egin dizkio Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari Ander Goikoetxea EH Bilduko legebiltzarkideak: euskaraz eskaintzen diren Medikuntza graduko plazak areagotzea beharrezkoa dela uste al du sailburuak? Zein neurri hartuko dira euskarazko plaza gehiago eskaintzeko? Zenbat plaza eskaintzea aurreikusten da datozen lau ikasturteetan?
Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak oso labur erantzun du eta ez da busti, ez du adierazi plazak handitzea beharrezkoa ikusten ote duen. Eman duen argudioa: “EHUk unibertsitate-autonomia du, besteak beste, euskarazko plazen eskaintza erabakitzeko. Unibertsitateak bere kide anitzeko organoetan onartuko du etorkizuneko eskaintza, dagozkion barne-prozedurei jarraituz”.
Sailburua ez da busti, ez du adierazi euskarazko plazak handitzea beharrezkoa ikusten ote duen. Eman duen argudioa: "EHUk unibertsitate-autonomia du"
Errealitatea da euskaraz ez dakiten medikuak eguneroko ogia direla Osakidetzan, arreta euskaraz nahi duten herritarrak egoki artatzeko gai ez diren medikuak; etorkizuneko medikuek euskaraz jakitea bermatu nahi bada, zergatik ez handitu euskarazko plazak Medikuntzan, jakinik plazak beteko direla? Zergatik segitzen du izaten handiagoa espainolezko plazen eskaintzak, Euskal Herriko Unibertsitate publikoan?
Sakonago aztertuta, medikuak falta badira Osakidetzan, zergatik ez da handitzen Medikuntza ikasteko eskaintza modu nabarmenagoan, jakinik Medikuntza ikasteko prest dauden gazteak askoz gehiago direla eskaintzen diren plazak baino? Jon Diaz EHUko irakasleak pribatizazioarekin lotzen du afera, ARGIAn kontatu zigunez: “EHUn 368 plaza baino ez dira eskaintzen Medikuntza graduan, nahiz eta azken hamar urteotan urtero 2.000tik gora ikaslek Medikuntza ikasi nahi izan duten. Aldi berean, Osasun sailburuari behin eta berriz entzun diogu ez dagoela nahikoa medikurik. Zergatik ez da, orduan, atea gehiago zabaltzen eta plaza gehiago eskaintzen? Osakidetzaren barruko egoera bermatuta dagoelako osasungintza pribatuaren alde; Quironek alfonbra gorria du gurean. Larritasun egoerara eraman dute publikoa eta pribatuari eskaintza luzatu diote”.
Behin eta berriz entzun dugu ez dagoela nahikoa medikurik. Zergatik ez da atea gehiago zabaltzen eta Medikuntzan plaza gehiago eskaintzen? Pribatizazioarekin lotu du afera Diazek
Diazen iritziz, horri gehitu behar zaio karreretako plaza publikoen eskaintza egiten denean Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen duela ikasleen proportzio bat unibertsitate pribatura joango dela, eta eskaintza egiten duela “beti ere pribatuaren interesen mesedetan”.