Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.
120 bat lagun elkartu dira Elizondoko osasun etxearen aitzinean, Baztango EH Bilduk deituta. “Aspalditik jasaten ari gara osasun sistema publikoaren hutsuneak: ebakuntzetako edo mediku espezialisten kontsultetarako itxaron zerrenda amaigabeak, lehen arreta mailako mediku eta pediatren falta, hitzorduen etengabeko gibelatzea...”, adierazi dute antolatzaileek.
Eman dituzten adibide zehatzen arabera, Leitzan pediatrarik gabe egon dira hilabete luzez, Bortzirietan ere pediatra eta mediku falta dute, eta Baztanen, duten biztanleriari dagokion mediku eta pediatra kopuruaren “arras azpitik ari dira lanean”. Hilabete pasa daramate mediku baten faltan, eta joan den astetik bigarren postu bat gelditu da hutsik, kexu dira. Elizondo-Elbeteko biztanleentzat egon beharko luketen hiru medikuetatik berriz, bakarra dute uneotan. Beren esanetan, horri gehitu behar zaio kasu askotan medikuen oporrak ez direla osoki ordezkatzen eta hortaz uda garaian are larriagoa dela panorama. “Egoerak hobera egin beharrean makurrera egiten ahal duela aurreikusten dugu”.
Beste kritika bat plazaratzeko ere baliatu dute elkarretaratzea: euskaraz artatuak izateko eskubidea ez da betetzen eskualdean.
Nafarroako Gobernuari eta Osasunbideari eskatu diete indartu dezatela lehen arreta maila: “Medikurik ez dagoela errepikatu beharrean, bilatu ditzatela soluzioak, behar diren baliabideak martxan jarriz”.