argia.eus
INPRIMATU
Mediku brigada berria bidali du Kubak Hegoafrikara
  • 216 osasun-langile kubatarrez osatutako brigada heldu da igandean Hegoafrikara, herrialdeak koronabirusarekin laguntzeko eskatu eta gero. Afrikara bidalitako laugarren brigada kubatarra da Hegoafrikakoa.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 27a
Henry Reeve brigadako medikuak. Argazkia: News Front.

Hegoafrikako Gobernuak nazioarteko laguntza eskatu du krisiari aurre egiteko; izan ere, datu ofizialen arabera, Afrikan izurritea gehien pairatu duen herrialdea da. 4.361 kutsatutik gora eta 86 hildako daude herrialdean. Eskaera horri erantzunez erabaki du Kubak Henry Reeve brigada bidaltzea.

Zenbait espezialitatetako adituak daude brigadan; 85 mediku, 20 erizain eta beste hainbat arlotako 111 aditu –epidemiologoak, bioestadistak, osasunaren teknologiako ingeniariak...-.

Brigada 2005ean Katrina urakanak eragindako kalteak laguntzeko sortu zen. AEBek bere laguntzarik onartu ez bazuten ere, beste herrialde batzuetan ere izan da Hegoafrikara joan aurretik; ebolaren epidemian izan zen, eta 2017an sari bat eman zion Osasunaren Mundu Erakundeak.

Koronabirusaren krisialdiarekin, beste hainbat herrialdetara era bidali du laguntza Kubak, Italia barne; ia 1.500 espezialista daude 21 estatutan. Baina krisiaren aurretik ere famatuak ziren bere medikuen misioak; 400.000 espezialista kubatarren laguntza izan dute 164 estatutan.