argia.eus
INPRIMATU
Medicusmundi Bizkaiak eskatu du ez baztertzeko kolektibo zaurgarriak osasuneko lehen arretan
  • Erakundeak txosten bat aurkeztu du Aldarte fundazioarekin elkarlanean, eta salatu dute osasun publikoan tratu desberdina ematen zaiela LGBTI+ kolektiboko pertsonei zein pertsona arrazializatuei.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 23a

Medicusmundi Bizkaia erakundeak eta Aldarte fundazioak aldarrikatu dute kolektibo zaurgarrienek osasuneko lehen arretara sarbide parekidea eta bidezkoa izan behar dutela. Izan ere, Bilbon aurkeztutako txosten batean salatu dute osasun publikoko sistemak baztertu egiten dituela, besteak beste, LGBTI+ kolektiboko kideak eta pertsona arrazializatuak.

El Salto hedabideak jakinarazi duenez, bi erakundeek dokumentu bateratua egin dute, 2018an onartu zen lehen arretaren gaineko Astana Adierazpenari kontrajarria. Itziar Irazabal medicusmundi Bizkaiako presidenteak salatu du adierazpen hori atzerakoia dela: “Astana Adierazpenarekin atzera pausoa eman dugu, zeren ez baitzaio erreferentziarik egiten LGTBI+ kolektiboari inongo puntuetan. Ez da ia inklusiboa, oso hetenormatiboa da, eurozentrista eta androzentrista”.

Bizkaiko lehen arretari buruzko ikerketa bat burutu dute, eta, ondorioztatu dutenez, lehen arretak “ahaztuta” uzten ditu, besteak beste, migratzaileak. “Gaur egun jakintzat ematen da lehen arreta unibertsala dela, baina azterketa honekin konturatu gara ez dutela sarbidea pertsona guztiek”. Esaterako, Aldarte fundazioko Gaizka Villar kideak gogorarazi du Osakidetzako arreta zein sendagaiak jasotzeko beharrezkoa dela Osasun Txartel Indibiduala (OTI), eta migratzaile askok ezin dutela eskuratu, ez daudelako erroldatuta.