argia.eus
INPRIMATU
Medeak bukatu da, 20 urtez transfeminismotik eragiten aritu ondoren
  • Bere jarduna bukatzea erabaki izanaren berri eman du Medeak talde transfeministak agiri bidez. 2000 urtean sortu zen Medeak, erradikalki eta bazterretik normak iraultzeko asmoz.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 06a

“Ekiten eta borrokatzen jakitea bezain garrantzitsua da amaitzen jakitea. Beste bide batzuei leku egitea, datozenei, zein jada transfeminismotik lanean ari direnei. Gu soilik, beste modu batzuei eustera goaz, ez desagertzera”, horra zer irakurri daitekeen Medeak taldeak plazaratu agirian. Bukaera eman dio bere jarduerari Medeak-ek eta horren berri eman du sare sozialetan zabaldu agiri baten bidez.

Bazterrean dagoena aldarrikatzen aritu da Medeak 2000z geroztik: "Gorputza, desira, transexualitatea, bollerismoarekin… matraka emandakoak gara, eta akaso hala gogoratuko gaituzue askok, gure bigoteak eta fustak eskuan, festa, desira eta sexualitatea politikaren erdian jartzen tematuta". Hogei urtez bilerak, manifestazioak, jardunaldiak zein poteoak errepikaturik, transfeminismoa Euskal Herrian ere errotzen aritutako taldea izan da Medeak. Gogoeta, ekarpen zein kritika erradikalak eta iraultzaileak plazaratuz, Euskal Herriari eta mugimendu feministari ekarpen garrantzitsua egin die talde transfeministak.

Bidean kausiturikoei eskerrak emanik, gerora ere feminismoak "deserosoa" izaten segitu beharra azpimarratu du taldeak: "Argi dugu, feminismoa, erradikala, deserosoa, antikapitalista, antiarrazista, antikapazitista, antiespezista, transa, sexu-langileen etxea, euskaltzalea, klaseari erreparatuko diona, konbatiboa, eta bolleroa izango dela".

Agiria osorik irakur daiteke medeak.wordpress.com gunean.