Gure gizartearen bizitza estiloak gero eta gehiago ustiatzen ditu planetaren baliabide geologikoak meatzaritzaren bidez, baina lehengaietako batzuk agortzen ari dira, batez ere petrolioa, eta horrek epe labur eta ertainean aldaketa handiak ekarriko ditu gure gizartera. Energia asko izatetik energia gutxiago izatera igaroko gara. Dagoeneko trantsizio horretan gaude.
Trantsizio horren ezaugarriak azaltzeko, Sustrai Erakuntzak Nafarroako meatzaritza trantsizio energetiko eta globalaren testuinguru historiko berriaren aurrean txostena enkargatu dio Antonio Aretxabala geologoari eta ostegun honetan aurkeztu dute Iruñeko Katakrak aretoan. Txostena Nafarroako meatze-industriara aztertzera bideratuta dago, baina deskribatutako testuinguru historikoa baliagarria da baita ere Espainiako Estatua edo Europako ekoizpen sare osorako. Batez ere, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan eta ekonomia berriei buruzko EBren SC/048 Irizpenean oinarritzen da. Horiek 2019ko azaroan aurkeztu zitzaizkion Nafarroako gizarteari, trantsizio energetikorako proposamenekin, eta eredu ekonomiko eta industrial berriekin.
Sustrai Erakuntzako Martin Zelaia eta txostenaren egile Antonio Aretxabala izan dira agerraldian. Nafarroako matzaritzaren historiara jotzen da txostenean, "hori funtsezkoa baita meatzaritzaren sektorearen etorkizunaren diagnostiko eguneratu bat partekatzeko". Azpimarratu dutenez, "ekonomia-jarduera globala etengabe eta dinamikoki hazten ari den garai bat atzean utzi berri dugu eta meatzaritzara ere uzkurtzera dator, nahiz eta ustiategi berri askoren eskaria hazi egingo den teknologia berri berdeei dagokienez".
Aurrekari gabeko krisia
Aretxabala argi mintzatu da: "XXI. mendeko lehen bi hamarkadetan, produktu geologikoekin erlazionatzeko modu berri bat agertu zen, finantza-espekulazioan eta mozkin motzetan oinarritua. Dinamika hori Nafarroako meatzaritzako enpresa-komunitatera zabaldu da jada. Jarduteko modu horrek nahi ez diren burbuilak sortzea eta lehertzea errazten du; lehenik eta behin, atzeraldira eta pobreziara daramatelako ezinbestean, eta, gainera, krisiak eragiten dituelako. Gaur egun, aurrekari historikorik gabeko krisiaren olatu berri baten hasiera bizi dugu. COVID-19 pandemia gainbehera baten katalizatzaile bat besterik ez da, eta seinale oso argiekin iragarri zen, nahiz eta, kontzienteki edo inkontzienteki, gehienetan ez zen halakorik ikusi".
Testuinguru horretan, uzkurtzearen inpaktua gainditzeko aurkeztuko diren ibilbide eta erronka handiak aztertzen dira txostenean, eta, aukera horien argitan, izapidetzen ari diren proiektuak aztertzen dira, hala nola Magnesitas Navarrasen handitzeak, potasen ustiapena, obra publikorako eta eraikuntzarako agregakinen ustiapena eta hidrokarburoak erauzteko proiektuak.
Energia kontsumoa gutxitu eta ekonomia hazi? Hori ezinezkoa da
Aretxabalak instituzioetan ezikusiarena egiteko dagoen arriskuaz ere hitz egin du, esanez Nafarroako Gobernuak Green Deal izeneko ibilbide-orria aurkeztu duela, "zientzia zirkuluetan Hazkunde berde gisa ezagutzen duguna". Bere ustez, "lehengaien eta mineralen kontsumotik bereizitako hazkunde ekonomikoak ez du oinarri enpirikorik; ia ezinezkoa da aurreikusitako efizientzia eta automatizazioarekin energia aurreztea, gizarte-antolamenduaren erabateko aldaketarik ez badago. Helburua ekonomia eta baliabideen kontsumoa bereiztea bada, orduan helburua beherapen ekonomikoa da, bai ala bai gertatuko dena, arrazoi geologiko, fisiko eta biologiko hutsengatik, orain arte gehiegi ustiatu delako, eta ez enpresa edo talde politikoen borondate onagatik". "Hazi nahi bada, –jarraitzen du geologoak–, beharrezkoa da baliabideen eta, batez ere, energiaren kontsumoa handitzea, baina hori egin behar da energia-itzuleraren tasak atzera bueltarik gabeko gainbeheran daudenean". Hau da, lehengo energia kantitate zehatz bat sortzeko, gaur egun orduan baino askoz energia gehiago erabili behar dugula.
Txostenean esaten denez, "gizarteak ongizatea modu iraunkorrean hobetu dezake, Barne Produktu Gordina handitu gabe, Garapen Jasangarriaren ikuspegitik ez baita ongizatearen adierazgarria". Aretxabalak dio orain gure helburua dinamika ekonomiko bat gainditzea dela, eta egungo eredua paradoxa batean dagoela: "Hazten ez bada ez du funtzionatzen, eta hazten bada hori ahalbidetzen duten oinarri naturalak suntsitzen ditu. Nafarroako meatzaritza testuinguru historiko horretan garatuko da, non sortzen ari den sentsibilitate hori gizarte osoari eragiten ari zaion".