Mira, mira Maruxina mira, mira como vengo yo… Madrildarren eztarriek bat egin zuten Asturias, Aragoi, Andaluzia eta Gaztelatik joandako meatzarienekin, Espainiako hiriburuko autobideetan. Martxa Beltza delakoa asteazkenean goizaldeko 3:00ak inguruan iritsi zen Sol plazara, linternak buruan eta milaka herritarrek babestuta.
Meatzariek 19 eguneko ibilaldia egin dute, PPren Gobernuak diru-laguntzetan egindako murrizketa salatzeko. Atzo manifestazio handia izan zen Madrilgo karriketan. Industria ministerioraino iritsi ziren, negoziazioa behartzeko. Poliziak gogor kargatu zuen eta 76 pertsona zauritu ziren.
Mariano Rajoyk 2011ko abenduaren 30ean iragarri zuen Ikatza 2006-2012 Planean ere guraizea sartuko zuela: 200 milioi eurotan jaitsi du aurten ikatzaren sektoreari emango dion diru kopurua, %63 gutxiago. Praktikan, meatzaritzaren heriotza esan nahiko luke horrek, eta horrenbestez, Asturiasko eta beste herrialdeetako bailara askoren ogibidearen amaiera ere bai.
Europak dio ikatzari laguntza publikoak emateko azken urtea 2018a izan behar duela. Baina Rajoyk sei urte aurreratu du erabakia, derrepentean, inolako plan eta trantsizio “ordenaturik” gabe. Horrek, are gehiago haserretu ditu meatzariak.
Maiatzaren 28an Asturiasko Candín eta Santiago meazuloetan 12 lagunek itxialdia abiarazi zuten; 45 egun daramatzate bertan. Ekintza hartatik aurrera mobilizazioak gogortu egin dira, greba orokorrak ugaritu, errepideak moztu dituzte eta liskarrak izan dira poliziarekin. Azken egunetan enfrentamendu gogorrenak Leongo Ciñera herrian izan dira, bertoko biztanleek salatu zuten guardia zibilek herria “asaltatu” zutela.
Protestan ari diren langileek herritar guztien babesa dute, gazte eta heldu. Tradizionalki meatzaritzak sostengatu izan du herri horietako ekonomia eta iraganeko borrokek bizirik segitzen duten askorengan, hala nola 1934ko iraultzak, 1962ko grebak eta 1991ko protestek. Baina 1970eko hamarkadan 70.000 meatzari zebiltzan Asturiasen, gaur egun apenas dira 4.000 –horietatik 1.800 Hunosa enpresa publikoan eta beste ehunka Victorino Alonso enpresariaren esplotazioetan–. Teruelen ere gainbehera ikaragarria izan da, populazioa erdira jaitsi da herri askotan. Dena den, jarduera horrek pisu handia dauka oraindik orain, ekonomiaren dinamizatzailea baita eta zeharka milaka lanpostu mantentzen baititu, oso fokalizatuak gainera.
Produktuaren eta merkatuaren ezaugarriengatik laguntza publikoei lotua egon da hamarkada askotan meatzaritza. Ikatzak etorkizun beltza duela garbi dago, Espainiako Estatuan ez da lehiakorra eta CO2 isurle nagusienetakoa da gainera. Ecologixtas n’acción Asturies taldearen esanetan “alternatiba bideragarriak eztabaidatu behar dira”. Baina arazoa hori da, meatzariak alternatibarik gabe utzi dituztela.
Sektoreak urteak daramatza sasi-birmoldaketa prozesuan. Bestelako industriak sortzeko bideratutako dirua ez da batere ondo erabili eta kasu askotan ez da meatzaritzari loturiko eskualdeetara iritsi ere egin. Gobernuen kudeaketa eskasa eta zenbait sindikaturen konplizitatea izan dira horren arduradun. Mutuen, formazio programen eta bestelako subentzioen bidez, SOMA sindikatuak nolabaiteko sarea eraiki du, gainbehera apaltzen lagundu bai, baina lokartze handia ekarri duen kontrol moduko bat ere sortuz. Asturiasko kolore guztietako alderdi politikoak ere joko berean sartu izan dira urte luzez.
Halabedi irratiak Manu Nieto Asturiasko Corriente Sindical de Izquierdas-eko kideari elkarrizketa zabala egin dio. Bertan esplikatzen ditu meatzaritzak dituen arazoak eta meatzarien borroka zertan datzan:
Herritarrek ez dute ulertzen nola kenduko zaizkion 200 milioi euro meatzaritzari, eta aldiz, milaka milioi emango zaizkion Bankiari. Baina borroka hori beste klabe batzuetan ulertu behar da. Rajoyk badaki meatzariei men egiten badie, ateak irekiko dizkiela aldarrikapen berriei, barrikada gehiago ikusiko dituela kalean.
Asturiasen jada "kutsatze" efektu hori sumatzen hasiak dira. Daniel Mari Ripa kazetariak ezin hobekiago azaldu ditu kutsatze efektu horiek El Diagonal egunkarian argitaratutako artikulu zabal batean. Sektorearen erronkak, kontraesanak eta indarguneak aztertu ditu Ripak bertoko protagonisten bidez.
Martxa Beltzak etengabe jaso du babesa pasa den herri guztietan, eta Madrilera iristerakoan Rajoyren Gobernuak egindako murrizketek sortutako haserrea bereganatzea lortu dute meatzariek. Santa Barbara Bedeinkatuaren himnoa erresistentzia globalago baten ikur bilakatzen ari da pixkanaka.