argia.eus
INPRIMATU
Meaka-Irimo herri plataformak milaka alegazio aurkeztu ditu eta aerosorgailuen tamaina irudikatuko du herrian
  • Meaka-Irimo herri plataformak 3.022 alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria sailean, "Trekutz" izeneko proiektuaren aurka. Zera adierazi du: "Meaka-Irimo herri plataforman energia berriztagarriak behar-beharrezkoak direla argi dugu, baina ezin dira inposatu eta zabaldu era desordenatuan eta multinazionalen mesedetan eta haien apeten arabera". Hurrengo ekimen hauek iragarri ditu: otsailaren 17an Antzuolan 8 Milak lasterketan aldarrikapenak egingo dituzte eta otsailaren 25ean Meakan eta Irimon jarri nahi dituzten aerosorgailuen tamaina irudikatuko dute Antzuolako herrian.

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 08a

Meaka-Irimo herri-plataformak hedabideetara bidali duen oharrean azaldu du nola izan zen bere sorrera: "Herri-plataforma 2023ko azaroaren 7an sortu zen, Antzuolako Udalak Meakan eta Irimon egin nahi duten zentral eolikoaren inguruan antolatutako informazio bilera irekian. Aste horretan bertan herritar talde batek antolatu zuen lehenengo bilera hura, eta harrezkero, ia astero bildu gara".

Plataforma sortu orduko, bi hitzaldi antolatu zituzten: Aitziber Sarobe natur-kontserbazionista eta biologian doktorearena eta Alvaro Campos ikertzaile eta energian doktorearena. Plaraformaren arabera, "bi hitzaldiok herrian urruti zegoen errealitatea ezagutzeko aukera izan genuen herritar guztiok: energia enpresen funtzionamendua eta burbuila energetikoaren eragina biodibertsitatean eta landa-eremuan".

Abenduaren 15ean, Trekutz proiektua argitaratu zen EAEko agintaritzaren aldizkarian eta herri-plataformak astero biltzeari ekin zion, hilabeteko epean aurkeztu beharreko helegiteak prestatzeko. Esparru legalak bi lerro izan ditu: "Alde batetik, alegazio teknikoak osatzeko dokumentazioaren bilketa eta datuen prozesamendua; eta bestealdetik, herritarron alegazio-orrien prestaketa". Otsailaren 6an bukatu da alegazio-orriak administrazioaren aurrean aurkezteko epea. Herri-plaraformak zera adierazi du parte-hartzeaz: "Hilabete honetan zehar, 3.022 lagunek sinatu dute Irimon eta Meakan egin nahi duten zentral eolikoaren proiektua bertan behera gelditu dadin. Antzuolako 540 biztanlek eman diote atxikipena gure eskaerari. Aipagarria da Antzuolatik kanpo jaso dugun babesa, bereziki Azkoitia eta Azpeititik".

Mendi lasterketan ikusgai eta aerosorgailua herri barruan irudikatuta

Herri-plataformak lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du, eta bi ekimen hauek iragarri ditu:

Lehenik, otsailaren 17an, Antzuolako 8 Milak mendi lasterketan aldarriak ikusgai jarriko dituzte egunean zehar. Geroago, otsailaren 25ean, eguerdiko 12:30ean, giza-kate bidez irudikatuko dute Meakan eta Irimon jarri nahi dituzten aerosorgailuen tamaina erreala.