Ehunka pertsona mobilizatu dira ostiralean Santutxun ireki berri dutenMcDonald’s jatetxearen itxiera eskatzeko. Enpresa amerikarraren aurkako boikot kanpainan aktiboki parte hartzea eskatu du mobilizazioa deitu duen Bilbo-Palestina herri ekimenak.
Abenduaren 13an auzotarrek kaleak hartu dituzte McDonald’s Palestinako herriaren sarraskiari nazioarteko sostengua ematen dion enpresa nagusietako bat dela salatzeko, eta auzoan mota horretako multinazionalek "lekurik ez dutela" azpimarratzeko.
Bilboko bosgarren McDonald’s-a ireki duten egun berean antolatu dute manifestazioa. Santutxuko Ritxi plazatik abiatu da mobilizazioa 19:00etan, eta “Israel hiltzaile McDonald’s laguntzaile!" edo “Boikot Israel, Palestina askatu! leloak entzun dira auzoan.
Manifestazioa Zabalbide kaleko 51. zenbakira iritsi denean, McDonald’s berriaren parera, lurrean etzan dira ehunka lagun. Multinazionalak Israelgo armada genozidari emandako laguntzak salatu, eta Palestinan erailtzen dituzten pertsonen irudia ekarri nahi izan dute Bilbora.