argia.eus
INPRIMATU
Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute
  • “Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira katalanaren alde ari diren familia elkarteak. Orain adi egongo dira, ez baita samurra izango bozketak emandako emaitzak ikasgeletan gauzatzea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko martxoaren 07a
Katalanaren aldeko familia elkarteek hilabeteak eman dituzte hizkuntzaren aldeko kanpainak egiten.

Ez dute lortu xedea, eta Esperanza Campsek Vilaweb-en egindako analisian argi azaldu du zein ahalegin egin dituen Mazónen gobernuak katalana alboratu eta gurasoek gaztelaniaren alde bozka zezaten: irakasle sindikatuak eta katalanaren aldeko familien elkarteak kritikatu dituzte, Eskola Kontseilua bera gutxietsi dute, ikastetxeetako zuzendaritzei debekatu diete katalana jakitearen garrantziaz hitz egitea gurasoei, eta familiek mezu zuzenak jaso dituzte gaztelaniaren alde botoa eman zezaten.

Katalan hiztunak nagusi diren eskualdeak oso bizirik daude

Katalanaren aldeko hautua egin dute parte-hartzaileen %50,53ak eta gaztelaniaren aldekoa %49,47ak. Gurasoen %58ak eman du botoa. Hezkuntza kontseilari José Antonio Rovirak arrakastatzat jo ditu emaitzak, parekotasun handia erakutsi dutelako, eta familien arteko “elkarbizitza giroa” nabarmendu nahi izan du. Datuak xehatuz, ordea, bestelako hizkuntza mapa bat erakusten du bozketak. Esperanza Campsek datuen irakurketa sakonagoa egin du eta ikus daiteke nola katalana nagusi den eskualdeetan ehunekoak oso handiak izan diren. Adibidez, 33 eskualdeetatik 20tan katalana nagusitu da. Nagusiki katalanez hitz egiten duten eskualdeetako emaitzak bereizi kontatuta, emaitza % 68 da, katalanaren alde. Katalan hiztunen aldeko ezustekoren bat ere badago, hala nola Los Serranos-eko emaitza. Eskualdea erdalduntzat hartzen da eta emaitza %51,97koa izan da katalanarentzat eta % 48,03koa gaztelaniarentzat.

Alacanten, non gaztelania nagusi den, Baix Segura (%95,25), Alt Vinalopó (%83,17) edo L 'Alacantí-n (%75,61) gaztelaniak irabazi du; eskualde katalan hiztunetan, berriz, katalanaren alde egin dute, adibidez, Comtat-en (%87,63). Castellon katalana nagusitu da argi eta garbi, bi eskualdetan izan ezik: Alto Palancia eta Alto Mijares. Eta Valentziako probintzian katalanaren aldeko apustu garbia egin duten eskualdeak daude, hala nola Ribera Baja (%85,81), La Safor (%79,37) edo La Costera (%77,10). Eta aldiz, Cofrentes-Ayora (%87,20) edo Plana de Utiel Requenan (%92,96) gaztelania nagusitu da. Hiriburuei dagokienez, Valentzian eta Alacanten gaztelaniak irabazi du, %63,86 eta %83,07 hurrenez hurren, eta Castellon %61,90ek bozkatu du katalanaren alde.

“Emaitzek argi adierazi diote Hezkuntza kontseilaria: ‘Aldatu hizkuntza politika eta zoaz etxera”

Vilaweb-ek Núria Cerveró Famílies pel Valencià elkarteko bozeramailea elkarrizketatu du. Emaitzak jakinda, oso pozik daudela azaldu du, legeak katalana zokoratu nahi zuelako eta ez duelako lortu. Cerveróren ustez, Rovira Hezkuntza kontseilariak ez zituen espero halako emaitzak eta familiek mezu zuzen eta argia helarazi diote. Katalanaren alde borrokan jarraituko dutela gehitu du, zeren orain gurasoek haurrentzat eskolako hizkuntza aukeratu ahal izango badute ere, katalanez egingo diren ordu kopuruak behera egingo du PPk eta Voxek onartutako Hezkuntza Legearen arabera.