argia.eus
INPRIMATU
Mayor Oreja eta San Gil politikari donostiar ohiak, abortuaren aurkako lobbyen buruan
  • Espainiako Estatuan Abortuaren aurkako lobbyak Abortuaren Legea erausteko beste saiakera bat egiten ari dira Gaztela eta Leonen. Hango gobernukide den Vox-ek iragarri du abortatu nahi duten emakumeei fetuaren taupadak entzunarazi edota ekografiak ikusaraziko dien protokoloa jarriko dutela indarrean; PPko Mañueco presidenteak gezurtatu egin duen arren. Borroka horretan esku hartzen ari diran hainbat lobbytako buruen artean daude PPko Jaime Mayor Oreja eta Maria San Gil politikari ohi donostiarrak.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 19a
Mayor Oreja eta San Gil politikari ohiak ekainean egindako abortuaren aurkako manifestazioan. Argazkia: Fernando Sanchez, El Diario

Joan den ostegunean, Gaztela eta Leongo gobernukide den Vox alderdiko Juan García Gallardo presidenteordeak adierazi zuen abortatzeko prozeduran protokoloa berrituko zutela, eta besteak beste, osasun langileak behartuko lituzkeela emakumeei fetuaren taupadak entzuteko edota ekografiak ikusteko aukera ematera.

Hurrengo egunean, Alfonso Fernandez Mañueco presidenteak (PP) ez zituen adierazpenok ez egiaztatu ez gezurtatu. Astelehenean, ordea, adierazi zuen ez zutela inor behartuko abortatu nahi duten emakumeek taupadarik edo ekografiarik erakustera. Tartean, Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leongo Gobernuari ohartarazi zion ez zuela eskumenik indarrean dauden araudien aurka egiteko. Voxek Gobernutik irteteko mehatxua egin du abortuaren aurkako protokoloa ezarri ezean.

Mayor Oreja erreferente, nazioarteko ultraeskuinean

Vox alderdiaren eskutik, urteak martxan daramaten abortuaren aurkako lobbyak ari dira Abortuaren Legea erausteko enegarren saiakeran, nazioarteko taldeekin aliantzan. Lobbyen buruetako bi dira Jaime Mayor Oreja eta Maria San Gil donostiarrak. Mayor Oreja Espainiako barne ministro izan zen Jose Maria Aznarren gobernualdian, eta San Gil Alderdi Popularreko presidentea EAEn.

Lobby bat baino gehiagoren buruzagitzan daude biak: Mayor Oreja One of us -eko burua da, nazioartean abortuaren aurkako mugimenduan erreferente bihurtu den elkartea. Mayor Oreja eta San Gil zuzendaritzako kide dira Valores y Sociedad elkartean; Neos talde katoliko erradikalean, zeinak abortuaren, eutanasiaren eta transexualitatearen aurka aktiboki diharduen; eta Sí a la vida elkartean.

Bi politiko ohiek zuzendutako elkarteok joan den ekainean abortatzeko eskubidearen aurkako mobilizazioa antolatu zuten, eta bertan izan ziren, gainontzeko lobby ugariz gain, Alderdi Popularreko eta Vox-eko hainbat politikari ere.

El Diario hedabideak jaso duenez, Mayor Oreja nazioartean erreferentea da abortuaren aurkako borrokan, eta gainontzeko herrialdeetako eskuin muturreko taldeekin lotura, haren politikako urteek emandako harremanei esker. Europako Parlamentuko sexu eta ugalketa eskubideen foroak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen hori.