Miarritzen hil zen 2016an Okzitanian jaio zen Mayi Pelot. Ipuin futuristak idazten aitzindarietakoa izan zen. Sortzailea ezagutarazteko eta haren ekarpena aitortzeko omenaldia antolatu du Sareinak taldeak Maiatz elkartearen eta Baionako Zizpa gaztetxearen laguntzaz.
Ekitaldia Baionako Zizpa gaztetxean izango da, martxoaren 16an, 17:00etan. Mahai-inguruarekin hasiko dute omenaldia eta mahaian eseriko dira Josune Muñoz, Itxaro Borda eta Arrate Hidalgo. Lehenak Mayi Pelot aurkeztuko du. Bigarrenak Pelotek lanak argitaratu zitueneko garaiaz hitz egingo du (1980ko hamarkadako Baiona eta Miarritze ingurunea) eta Peloten inguruko oroitzapenak partekatuko ditu hara gerturatutakoekin. Hirugarrena zientzia-fikzio feministaz arituko da Peloten lana mundu mailan kokatzeko aukera emanez.
Mahai-inguruaren ondoren, Xerezaderen artxiboko lagunek idazlearen lan baten irakurketa dramatizatua egingo dute.
Azkenik, Maiatzek Mayi Peloten lan guztien bildumaren berrargitalpena aurkeztuko du.
Literatura eta feminismoa uztartzen dituen Sareinak taldeak hamabi urteko ibilbidea ospatzeko baliatuko du ekitaldia eta bertara hurbildutako guztientzat mokadua hartzeko aukera izango da.