argia.eus
INPRIMATU
Mayana Itoïz ilustratzailea, Eisner sarietarako izendatua
  • Aurreko urtean AEBetan merkaturatutako komiki onenak nabarmentzea dute helburu Eisner Sariek. Haurrentzako komikien atalean izendatu dute Mayana Itoïz baionarra, Le Loup en slip (Otsoa galtzontzilotan) lanari esker.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko ekainaren 06a
Argazkia: Komikeri

Wilfrid Lupanok idatzi du istorio horretako gidoia, eta Paul Cauuet diseinatzaileak ere esku hartu du. Dargaud argitaletxeak plazaratu du; Astronave argitaletxeak, bestalde, gaztelaniara eta katalanera itzuli du, El lobo en calzoncillos eta Els Calçotets Del Llop izenburupean.

Itoïz Baionan jaio zen 1978 urtean eta Toulouseko Arte Ederren Eskola Nazionalean burutu zituen ikasketak. Batez ere haur eta gazteen ilustrazioaren arloan jardun du. Otsoaren pertsonaia Les Vieux Fourneaux sailean agertu zen lehenbizikoz, 2016tik aurrera haurrentzako zenbait komikitako heroi bilakatu baino lehen. Pobrezia, gizarte inklusioa, berdintasuna, beldurrak... gai sozial diferenteak jorratzen dituzte Le Loup en slip saileko albumek.

Eisner Sarietako irabazleak uztailean jakinaraziko dituzte.