argia.eus
INPRIMATU
Mayak atzera egin du datozen sanferminak luzatzearen ideiarekin
  • Ostegunez bukatuko lirateke 2022ko Iruñeko sanferminak, ohi bezala, uztailaren 14an. Hori dela eta, hiriko festak hiru egunez luzatzea proposatu zuen aste honen hasieran Enrique Maya Iruñeko alkateak, sanferminek bigarren asteburua ere izan dezaten.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 22a

Ostegunez bukatuko lirateke 2022ko Iruñeko sanferminak, ohi bezala, uztailaren 14an. Hori dela eta, hiriko festak hiru egunez luzatzea proposatu zuen aste honen hasieran Enrique Maya Iruñeko alkateak, sanferminek bigarren asteburua ere izan dezaten.

Izan duen erantzun zaparradarekin, ordea, astearen amaieran atzera egin du. Esan du proposamena informala dela, eramango duela azaroko Sanferminen Mahaira, baina ikusten duela ez dela ondo hartu eta, beraz, atzera egiteko arazorik ez duela.

Kritika zaparrada handi erori zaio gainera Navarra Sumako alkateari. Iosu Santxez Peñen Federazioko lehendakariak seriotasun eza egotzi dio, proposamena garrantzitsua dela eta horrelako zerbait ezin dela edozein modutan plazaratu, gaia lehenik Sanferminen Mahaira eraman beharko lukeela. Proposamena hutsala dela baloratu du eta eskatu dio ez jolasteko herritarren sentimenduekin.

Iruñeko Udalean, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik ere gogor kritikatu dute alkatearen ideia eta salatu dute, halako proposamenak baliatzen dituela bere kudeaketa txarra eta gutxiengoan gobernatzeko dituen zailtasunak estaltzeko.

Alkate eskuindarraren proposamena, aldiz, ondo hartu dute Nafarroako Turismo eta Ostalaritza Elkarteak, eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak.