argia.eus
INPRIMATU
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean
  • 1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 18a
Argazkia: elmago_delmar (CC BY-NC-SA 2.0)

Maya trena igarotzeko obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago suntsitu dituzte. Ingurumen ekintzaileek ohartarazi dutenez, proiektu erraldoi horrek “ekodizioa” eragin du eta aurrerantzean bestelako ondorio batzuk ere ekarriko ditu, proiektuak aurrera jarraitzen baitu. 1.500 kilometro baino gehiago izango dituen trenbidea eraikitzea aurreikusten da.

Trenbideak Playa del Carmengo (Quintana Roo) eremua zeharkatzeko asmoak eztabaida piztu du, 1.800 kilometro kobazulo baino gehiago dituelako –baita munduko lurpeko bi ibairik handienak ere–. Gobernuak, hasiera batean, trenbidea Playa del Carmengo errepide alboan eraikiko zutela ziurtatu bazuen ere, azken momentuan ibilbidea aldatu eta obra oihanaren erdira bidali dute.

Ingurumenaren aldeko taldeek zein ekologistek erabaki hori salatzeaz gain, puntu horretan trena igaro ez zedin mobilizatu dira, trenbideak “bete-betean” kaltetuko lituzkeelako haitzuloak eta sakonera handiko ur-putzuak, besteak beste. “Megaproiektuak larriagotu egin du oihanaren egoera. 254.800 kilometro karratuetatik (25,4 milioi hektarea) gaur egun 40.086 kilometro karratu (4 milioi hektarea) baino ez dira geratzen”, adierazi du Rooko Sélvame del Tren erakundeko kide Roberto Rojo Quintanak.

Proiektua geldiarazteko saiakerak, kamuts

Hamaika izan dira makroproiektua alde batera uzteko eta oihana babesteko aurrera eramandako ekimenak. Baina proiektua geldiarazteko saiakera bakar batek ere ez du arrakastarik izan. Maiatzean Lopez Obrador presidenteak “estrategikotzat, lehentasunezkotzat, interes publikokotzat eta segurtasun nazionalekotzat” jo zuen Maya Trena.