argia.eus
INPRIMATU
Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa
  • Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta diskrezio handikoa, leialtasun osokoa, kexu handirik gabe aritu zen sortu aurretik ere aldekoak adina etsai zituen euskarazko egunkari berrira inbertitzaileak ekartzeko lan isil eta gogorrean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2024ko uztailaren 11
Maximo Aierbe, Ataungo Tourseko San Martin elizako organo barrokoan, 2023ko uztailaren 18an.

1950ean jaioa, 1977ko amnistiaren ondotik Maximo izan zen Joan Mari Olanorekin batera ETAkoak izateagatik polizia espainiarrak preso hartu eta espetxeratutako lehenbizikoetakoa. Ataungo Lauztierreka baserriko Aierbetarrak ezagunak izan dira Euskal Herriko kulturgintzan eta politikan: Maximoz gain torturak eta espetxea behin eta berriz nozitu zituen duela urte bete hildako Karmelek eta atzerrian urteak eman zituen Inaxitok, hirurak jada hilak. Maximok 2022an Independentea-n publikoki ezagutarazi zuen bere desadostasuna Ezker Abertzaleak daraman estrategia berriarekiko.

Soriako espetxean egindako urteetan onduko zuen Jon Esturorekin batera bere lehen liburua, Xake, joko horri buruz euskaraz argitaratutako lehena. Horrez gain, Ataungo kanta zaharrak  liburua ere argitaratu zuen, 2003an.

Espetxealdia erabili zuen bere bizitzako zaletasun handia izan duen musikan sakontzeko ere: harmonia ikasteari ekin zion han eta, geroztik Aierbek berak Goierriko Hitza-ri azaldu zionez, autodidakta moduan jarraitu zuen kanpoan ere. 1994an Eate korua sortu zuen Dionisio Etxeberriarekin batera eta justu duela urte bete, 2023ko uztailean, estreinatu zuen aspaldi idatzita zeukan Domuit Vascones kantata luzea Ataungo San Martin elizan.

Hil baino sei egun lehenago, ekainaren 30ean, Eate abesbatzak eta ataundarrek omenaldia eskaini zioten Maximo Aierberi Ataungo Aiako elizan egindako kantaldi batekin eta minbiziagatik oso makalduta arren bertan egon zen bera, soinez ahul bezain buruz argi. Astelehenean egin diote azken agurra.