Erbestean zeuden errepublikarrak nazien esku utzi zituen Francoren gobernuak eta gehienek kontzentrazio esparru hartan amaitu zuten. Los últimos españoles de Mauthausen dokumentalak bi erregimen faxisten arteko lotura eta deportatuen bizipenak jasotzen ditu. Bihar beteko dira 75 urte tropa aliatuek Mauthausen askatu zutela.
Austriako alpeetan kokatzen zen Mauthausengo kontzentrazio esparruan gutxienez 7.500 errepublikar deportatu baina gehiagok amaitu zuen Bigarren Mundu Gerran –horietatik ehun baino gehiago euskaldunak ziren–. Bi herenek ez zuten handik bizirik irtetea lortu, gosea, gaixotasunak, lan jasanezinak, tortura eta hilketa indiskriminatuak tarteko.
75 urteren ondoren, dokumental batek deportatu haien bizipenak pantailara ekarri ditu eta, horrez gain, erakusten du Francoren erregimena oso kontziente zela espainiar errepublikar horiek izango zuten patuaz. Carlos Hernandez kazetari maldrildarrak egindako Los últimos españoles de Mauthausen y el resto de campos nazis ikus-entzunezkoan azaltzen denez, Alemaniak Espainian zuen enbaxadak behin baina gehiagotan galdetu zuen zer egin Frantzian harrapatutako errepublikarrekin. Francoren erantzuna: ez zitzaiola “axola”.
Deportatu horietako batzuk Angulematik eraman zituzten Mauthausenera, 927 konboia izenarekin ezaguna dena. Gerrako frontean harrapatutako gainerako deportatuak ez bezala, familia horiek guztiak frantziar hirian bizi eta lan egiten zuen erbesteraturik. Gizonezkoak kontzentrazio esparruan jaitsarazi eta hamalau urtetik beherako haurrak eta emakumeak Hendaiara eraman zituzten bueltan trenean, frankistei entregatzeko. Euskaldunak ere bazeuden horien artean, zehazki, hamaika lagun geratu ziren Mauthausenen.
Gestio horiek Ramon Serrano Suñer Espainiako Gobernazio Ministroak egin zituen –Francisco Francoren ezkonanaia–, hari zuzendu zitzaion alemaniar enbaxada, beren eskutan zeuden “gorrien” berri emanez. Sophie Thonon-Wesfreid abokatu argentinarrak honen kontrako kereila prestatu zuen erruduntasuna frogatzeko zientoka dokumenturekin, baina Serrano Suñer 2003an hil zen.
Dokumentalean Benito Bermejok hitz egiten du, Mauthausengo kasua gehien ikertu duen historialariak: “Serrano Suñer Berlinen egon zen eta bilera izan zuen halako kontuak zeramatzaten arduradun nagusiekin. Hori kasualitatea baina zerbait gehiago da”, dio.
ARGIAk erreportajea eta azala
Maiatzaren 5ean 75 urte beteko dira tropa aliatuek Mauthausengo esparrua askatu zutela. ARGIAk aste honetako azala eta erreportaje nagusia eskaini dio nazien esparruetara eramandako euskal deportatuen “historia ahaztuari”. Azken ikerketa baten arabera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 253 lagun deportatu zituzten. Baina Euskal Herriaren ikuspegi osoa kontuan hartuta, gutxienez 600 izan ziren, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako deportatuak gehitu behar zaizkie zerrendari.
Urtero ekitaldi hunkigarri eta jendetsua egin ohi da kontzentrazio esparrua zegoen tokian, baina aurten COVID-19ren krisia dela eta bertan behera geratu da. Hala ere, maiatzaren 10ean birtualki omenduko dituzte biktima guztiak, MKÖ Mauthausen Austria Komiteak antolaturik.
Euskal Herrian, Sare Antifaxistak, Amical Mauthausenek eta Oreretako La Ilusion elkarteak data garrantzitsu hori gogoratuko dute beste hainbat eragilerekin batera: “Gaur inoiz baino gehiago, munduan dugun egoera dela-eta, gizarte eta ingurumen kolapsoaren, baita eskuin muturraren eta desberdintasunen gorakadaren aurrean ere, deportatu haien espiritua aldarrikatu behar dugu”, diote oharrean.