argia.eus
INPRIMATU
Mauleko Mixel Etxebest auzapezak behera egin du
  • Zerrenda bakarreko herrietan hauteskunde lasaiak burutu dira: Urdiñarbe, Muskildi, Garindaine, Gotaine, Sohüta, Santa Grazi, Barkoxe eta beste herri txipiagoak. Lehiaketa handiko hauteskundeak izan dira herri hauetan:

Allande Etxart 2020ko martxoaren 16a

Atharratze: Villeneuve auzapez ohiaren zerrenda osotuak Maite Pitrau zuen buru eta parekoan zen Dominique Hastoy. Honek lau kontseilari lortu ditu eta Maite Pitrauk hamaika.

Berrogaine-Larüntze: Thierry Perrot zen auzapeza eta bere zerrenda gehiengoan heldu da.

Bildoze: Christian Berçaits auzapeza aurkezten zen berriz eta bere zerrendako hiruk aski lortu dute hautatuak izateko, aldiz beste zerrendako lau ere egoera horretara heldu dira. Kontaketa eztabaida gogorrean pasatu da eta lau oren iraun du. Beraz bigarren itzuliak erabakiko du gehiengoa.

Larraine: bi zerrenda aurkezten ziren zerrendabururik gabe. Jeando Iriart-ek du boz gehien bildu eta bere zerrendak du kudeatuko Herriko Etxea ondoko sei urteetan.

Montori: Roger Lapeyrade zen orain artinoko auzapeza eta gehiengoa ez du lortu, zerrendaburu gabeko beste zerrendak du herria kudeatuko

"Mixel Etxebestek bultzatu proiektu batzuk (Agerria hotel jatetxea eta Espartiñaren Etxea) eztabaida handiak sortu dituzte eta horrek esplika lezake Etxebesten beherakada"

Maule: hiru zerrenda ziren emaitza hauekin: Louis Labadot (Union citoyenne) % 37,6; Mixel Etchebest (Agir ensemble) % 33,4; Beñat Elkegarai (Aitzina Maule) % 28,9. Duela sei urte hiru zerrenda horiek lehian ziren gei sozialistak (% 13 lehen itzulian) eta aldi honetan horien bozak banatu dira ezkerreko bi zerrendetan. Mixel Etxebestek bultzatu proiektu batzuk (Agerria hotel jatetxea eta Espartiñaren Etxea) eztabaida handiak sortu dituzte eta horrek esplika lezake Etxebesten beherakada. Seguraski bigarren itzulian hiru zerrendak aurkeztuko dira 23 kontseilukideen lortzeko.

Maule eta beste herrietako datu ohargarri bat aipagarri da: biztanlegoaren%30ak ez du boto emateko eskubiderik –adin txikikoa delako– eta beste % 30ak ez du bozka emateko aukera erabiltzen. Ondorioz biztanleen erdiak baizik ez du hauteskundeetan parte hartzen. Adibidez Maulen 3217 biztanle bada eta 1635 boto baliagarri izan dira.