Mauleko hiltegiko odol ziliportek zikindu dituzte hiri eta herri guzietako begitarteak. Ezin jasanezko irudiak agertu eta zabaldu ditu hor norbaitek. Kexua eta haserrea gaindizka denetan. Animalia gaixo horiei behar gabeko bortizkeriak, diote batzuek. Nolako lan moldeak hiltegiko langilentzat, dena zalaparta arizan behar hain segur, daude besteak.
Gogorat heldu zaut munduaz bestalderat joana den auzoko laborari hura. Zer harreman hurbila ez zuen bere ardiekin! “Beste frangok bezala”, ihardetsiko dautazue. “Baditake, naski”. Gure lagun huntaz gogoan atxiki dut noizbait artzarra hil beharrez apailatu zenekoa, bazaukan etzanik azinda, sartu zion sistaz ganit nabel zorrotza lepotik, behin eta berriz, eta odolik nehundik ez baitzakon ateratzen, xutitu zuen ardia eta artatu zion lepoa, bizi zadin.
Berrikiago oraino, kintoa xerri hazlea erakusten zaukuten telebista zirritutik, airos bezain uros gizona oihanaren erdian bere zerrama zuri beltzaren bizkarrari pereka eta hazka. Nahiko froga bada gure bazterretan agertzeko animaliak ongi artatuak direla laborari eta hazleen ganik, eta guhaurek, jakin gabe zergatik, goiz arats ez al diotegu ematen opor bat ardi esne sagu ihiziko dauzkagun gatu alfer horiei.
Gatua badugularik solas, behako bat eman diezagun zakur eta gatuz maiteminduak diren herritarrei. Hor dauzkate egongelako besaulkiaren gainean borobilduak edo mahain azpiko tapizean luzara etzanak, goizetik gauera, kroketen tenorea eta telebistako joko mentsak besterik ez dutela igurikatzeko.
Bada Euskal Herri kostaldean beste gaitz bat azkar zabaltzen ari dena. Lur zati bat duten ber, are gehiago pentze eremu ederra balin badute, herritarrek zaldiak nahi dituzte ausagai. Hor dauzkate gero uda ta negu, laborantzarako lurrak bakantzen eta kariotzen direla ondorioz.
Bi gizarte naski hortxe buruz buru jartzen ari. Bata, kabala hazleena, aspalditik hemen gaindi kokatua, mendi zelaien artatzaile, ekoizpen preziagarrien hornitzaile, lansari murritza daukana askotan lanordu eta indar guzien ordain. Bestea, hiritartua den jendearena, bizimodu eta jateko molde berri eta industrialei ixuriago, merkatu maltzurraren legeek bildua, animalen beste motako atxikimendua daukana…
Nehork ez du kalterik egin nahi animaliei. Kalteak aldiz badira Maulekoaren ondorioz, hiltegia zerratu baita, langileak hobendun erakutsi baitira, kabala hazleak suminduak baitaude, eta herritar askok nori gomenda ez baitakite.
“Aizu, Dionisio, zainduko dut nik gatu hau besaulkian, so egizu ea amona ez denez erori sukaldean, eta otoi itzal ezazu irrati hori, beti beretik ari baita, baduela hogoita sei urte preso daudela eta ez dakit zer”.