argia.eus
INPRIMATU
Mauleko hiltegian tratu txarren bideoak grabatu zituztenak epaitzen hasi dira
  • Paueko Auzitegian epaituko dituzte L214 animalien defentsarako taldeko kideak. Haiek grabatutako bideotan oinarrituta zigortu zituzten hiltegiko zuzendaria eta langile batzuk.

Berria.eus Oihana Teyseyre Koskarat 2019ko urriaren 15

Mauleko hiltegian animaliei tratu txarrak ematen zizkieten susmoarekin, ezkutuko kamera batzuk ezarri zituzten L214 taldeko kide batzuek 2016ko martxoan. Irudi gogorrak grabatu zituzten: besteak beste, hiltegiko langileek nola jotzen zituzten arkumeak eta txahalak behin eta berriz. Buruz behera ezartzen zituzten abereak hil baino lehen, eta arkumeak noraezean ageri ziren; haietako bat makina batek nola laurdenkatzen zuen ere ageri zen irudietan. Kamerak jarri izana egotzita, taldeko kide batzuk epaitzen hasi dira Pauen.

Kamerak jarrita langileen bizitza pribatuan sartu direla egotzita ari dira epaitzen talde animalistako kideak. Gisa horretako lehen epaiketa dute. Hala ere, Maulekoa ez ezik, beste hiltegi batzuetako irudiak grabatu zituzten. 2017an, adibidez, Houdaneko (Frantzia) hiltegian militante batzuk kamerak gordetzen atzemanak izan ziren, eta isuna pagatzera kondenatu zuten elkartea, gibelapenarekin —berriz delitu bat eginez gero, isun hori gehituko litzaioke zigorrari—.

Hain justu, L214 taldeak grabatutako irudietan oinarrituta, zigorra ezarri zieten iaz Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari eta langile batzuei, "engainua" eta "beharrik gabeko tratu txarrak" ematea leporatuta. Izatez, zigorrik gogorrenak "engainuari" buruzkoak ziren; hiltegiak labela zuen, eta hainbat puntutan neurri egokiak ez hartzeagatik zigortu zituzten arduraduna eta langileak, tratu txarrak emateagatik baino gehiago. Defentsak argudio gisa erabili zuen hiltegian lan baldintza txarrak zituztela langileek.

Mauleko hiltegiko irudiek eskandalu handia eragin zuten, eta Euskal Herritik kanpo ere eduki zuten oihartzuna. Frantziako Gobernuak iragarri zuen neurriak hartuko zituela animalien tratu txarren aurka, eta, hain justu, kamerak jartzeko aukera aipatu zuen. Mauleko auzapezak itxi egin zuen hiltegia behin-behinean. Zabalik dago gaur egun, arauak berrituta.